Politika -

torturaren aurkako mundu eguna

Egiari Zor eta EH Bildu kritiko, Jaurlaritzak torturaren biktimak aitortzeko ekitaldiak atzeratu dituela eta

Ekitaldiok kanpainaurre betean aurreikusita zeudela ikusita, geroratzea ebatzi du Jaurlaritzak "hauteskundeen manipulaziotik babesteko". Fundazioak, baina, "alderdikeriaz" jokatzea egotzi dio gobernuari. EH Bilduren ustez, "lotsagarria" da erabakia.

Egiari Zor Fundazioko kideak, aurreko prentsaurreko batean. Argazkia: EFE
Egiari Zor Fundazioko kideak, aurreko prentsaurreko batean.
Egiari Zor Fundazioko kideak, aurreko prentsaurreko batean. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egiari Zor Estatuko indarkeria pairatu duten biktimen eskubideak defendatzen dituen fundazioak eta EH Bilduk salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak Torturaren Nazioarteko Egunerako, ekainaren 26rako, aurreikusita zeuden aintzatespen ekitaldiak atzeratu ditu "alderdien arteko konfrontaziorako elementuak" sor ditzaketelakoan. Pedro Sanchezek uztailaren 23rako hauteskunde orokorrak deitu ondotik, ekitaldiok kanpainaurrean egingo lirateke. 

NBEk ezarritako egun seinalaturako torturaren biktimentzat ekitaldi publiko eta instituzionala zeukan prestatuta Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailak. Era berean, eta Egiari Zor Fundazioak ohar batean zehaztu duenez, Gogora Institutuak ere "Torturaren kontrako Astea" egitekoa zuen ekainaren 20an eta 21ean. Azkenik, EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak txostena aurkeztu behar zuen torturak Euskadin izandako eraginari buruz. Horiek denak beste data batzuetan egitea erabaki du Sailak. 

Nerea Melgosa buru duen Sailak azaldu duenez, ekitaldiok "hauteskundeen manipulaziotik babesteko" atzeratu dituzte. Horren arabera, gauza bera egin dute memoriarekin lotutako beste ekitaldi batzuetan, hala nola, Urduñako kartzela frankistan hildako preso batzuen gorpuzkiak familiari entregatzeko ekitaldia edota ETAri buruzko liburu baten aurkezpena. Jaurlaritzaren iritzian, "biktimon aitortza sozialean aurrea egiteko hauteskundeen konfrontaziotik atera behar ditugu". 

Bestela uste du, ordea, Egiari Zor fundazioak. Ekitaldiok atzeratzearen erabakia "Jaurlaritzak saihestu asmo dituen interes alderdikoi horiengatik" hartu dutela iritzi dio, eta "biktimen mina kontuan ez hartzea" leporatu dio. "ETAren biktimak gogoan hartzeko egunak eta hauteskunde kanpainaren hasierak bat egingo balute, ekitaldiak ez lirateke inoiz beste data batera atzeratuko", salatu du. Fundazioaren hitzetan, "biktimek pairatu duten indarkeria jatorriaren araberako tratamendu asimetrikoan" sakondu du erabakiak. 

Ildo beretik mintzatu da EH Bildu ere. Koalizio subiranistak "lotsagarritzat" jo du erabakia, are gehiago "Estatuaren biktimen interesak defendatu nahi dituztela esanez justifikatzen saiatzea". Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak galdera bota du horren harira: "Ausartuko ziren ETAren biktimen aldeko ekitaldi bat bertan behera uztera? Denok dakigu erantzuna ezezkoa dela". Azkenik, esan du "Estatuaren biktimen eskubideak egia, justizia eta aitortza emanez" defendatzen direla, "ez hori bera ukatuz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Polizia abusuen biktimak