Politika -
U23 hauteskundeak
Sanchezek aurrez aurreko eztabaida proposatu du Feijoorekin astelehenero, U23ra arte
Espainiako Gobernuko presidenteak esan du eztabaida demokratikoen hauteskundeak izatea nahi duela. PPk, ordea, atzera bota du proposamena. "Espainiak ez ditu zazpi eztabaida behar, Sanchezek behar ditu. Espainia ez dago xelebrekerietarako", esan du Borja Semper PPko bozeramaileak.
Agentziak | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Alberto Nuñez Feijoorekin astelehenero aurrez aurreko eztabaidak egitea proposatu du, datorren uztailaren 23ko hauteskunde orokorrak iritsi arte, ekainaren 12an hasita. PPk, ordea, atzera bota du proposamena. "Espainiak ez ditu zazpi eztabaida behar, Sanchezek behar ditu. Espainia ez dago xelebrekerietarako", esan du Borja Semper PPko bozeramaileak.
Sanchezek ziurtatu du eztabaida demokratikoen hauteskundeak izatea nahi duela, eta adierazi du zazpi aste geratzen direla hauteskunde orokorrak egin arte. "Denbora nahikoa dago herritarrek bakoitzak proposatzen duenari buruzko iritzia eraiki dezaten", esan du.
Azaldu duenez, lau hedabideren lau eskaintza jaso ditu eztabaidok egiteko, eta guztiak onartzen dituela eta gainerako hedabideei irekita dagoela adierazi du. Eztabaidak audientzia handiagoko programetan egitea edo horietarako gune berezi bat sortzea proposatu du.
Hori gauzatzeko arauei dagokienez, moderazioa neutrala izatea, denborak orekatzea eta errespetu arauak egotea proposatzen du.