Politika -
M28
Eider Mendoza: "Ez da zilegi adostasunak deslegitimatzea, ez zaizkigulako gustatzen"
EAJren Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak horrela erantzun dio EH Bilduri, martxoaren 28ko hauteskundeetan boto gehien jaso zituen alderdiari.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eider Mendoza EAJren Gipuzkoako ahaldun nagusigaiaren iritziz, "ez da zilegi joko demokratikoaren arauen barruan hartutako erabakiak eta adostasunak deslegitimatzea, gustatzen ez zaizkigulako soilik".
Horrela, Eider Mendozak hauteskundeen osteko egoera aipatu du, eta EAJk eta PSE-EEk udaletan eta aldundietan itunak berriro adosteko dituzten negoziazioei buruz hitz egin du.
EH Bildu indar bozkatuena izan arren, Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusi berria izan liteke, baina gehiengoaren "giltza" Alderdi Popularrak lortu dituen hiru batzarkideen esku dago.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek 24 ordezkari dituzte, EAJren eta PSE-EEren kopuru bera, baina EAEko PPk ohartarazi du "doan" emango dizkiela botoak hautagai jeltzaleei eta sozialistei, koalizio abertzalea erakundeetatik kentzeko.
Aukera hori gogor kritikatu dute EH Bilduko arduradunek, eta Mendozaren beraren erantzuna jaso dute gaur. Horren ustez, "ez da zilegi joko demokratikoen arauen barruan hartutako erabakiak eta adostasunak deslegitimatzea, gustatzen ez zaizkigulako soilik".
Mendozaren hitzetan, "ezin dugu demokrazia lau urtetik behin egiten den hauteskunde-ekitaldira murriztu, ezta logika aritmetiko soiletara utzi ere; demokrazia konpromisoa da, desberdina aitortzea da, aniztasunaren kudeaketa da, eztabaida da, eta akordioak lortzeko gaitasuna da". "Hori demokrazia da, eta defendatu egin behar dugu", erantsi du.