Politika -

ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Eguzki panelak eta auto elektrikoen kargagailuak udal lizentziarik gabe jarri ahalko dira hemendik aurrera

EH Bilduk etxeetan autokontsumoa sustatzeko eta energia aurrezteko urrian aurkeztutako lege-proposamena onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak, talde ia guztien babesarekin. Voxek bakarrik bozkatu du aurka.

Eguzki panelak, eraikin bateko teilatuan. Artxiboko irudia.
Eguzki panelak, eraikin bateko teilatuan. Artxiboko irudia.
Eguzki panelak, eraikin bateko teilatuan. Artxiboko irudia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eraikinetan eguzki panelak eta ibilgailu elektrikoen kargagailuak udal lizentziarik gabe jarri ahalko dira hemendik aurrera Euskal Autonomia Erkidegoan. Eusko Legebiltzarrak Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea aldatzea onartu du, EH Bilduk autokontsumoa sustatzeko eta energia aurrezteko aurkeztu zuen proposamen baten ondorioz.

Zure interesekoa izan daiteke: Eguzki panelen inguruko ohiko galderak

Urrian eraman zuen lege-proposamena ezker abertzaleko koalizioak Gasteizko Ganberara, eta gaur talde ia guztien babesarekin atera da aurrera: EAJ, Elkarrekin Podemos-IU, PSE-EE eta PP+Cs taldeek aldeko botoa eman dute; Voxek, aurkakoa.

Hemendik aurrera, beraz, eraikinetan plaka fotovoltaikoak edota ibilgailu elektrikoak kargatzeko gailuak ipintzeko ez da baimenik eskatu beharko tokian tokiko udaletxean. Jakinaraztea nahikoa izango da. Horrela, besteak beste, izapideak azkartu nahi dituzte.

Nolanahi ere, badira salbuespenak. "Instalazioak kultura-intereseko ondasun edo ondasun katalogatutzat jotako eraikinetan egiten direnean, eraikinaren zimenduei edo egiturari eragiten dietenean eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar dutenean, aplikatu beharreko ingurumen-araudiaren arabera", obra-lizentzia eskatu beharko da.

Europar Batasunak estatukide guztiei egindako eskari bati erantzuten dio gaur onartutako arauak; izan ere, teilatuetan eguzki panelak jartzeko bide administratiboak erraztea eskatu zuen.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea pozik agertu da, berak mahai gainean jarritako lege-proposamena ia aho batez onartu delako. "Aurrerapauso garrantzitsua da", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Energia berriztagarriak Energia aurreztea Energia