Politika -
Iruñea
Geroa Baik Asiron babestuko du Iruñean, baina gehiengorik ez badu, bere kontsentsuko hautagaitza aurkeztuko du
Koldo Martinezek argitu du ez dutela Elma Saiz hautagai sozialista babestuko, baina "blokeoa" gainditzearen beharraz eta hiriburuan gobernu aurrerakoia izateko aukera ez galtzeaz mintzatu da. "Salbuespeneko blokeoei salbuespeneko irtenbideak bilatu behar dizkiegu", arrazoitu du.
Agentziak | EITB Media
Koldo Martinez Geroa Bairen Iruñeko alkategaiak iragarri duenez, ez du Elma Saiz hautagai sozialista babestuko, eta Joseba Asironen (EH Bildu) alde egingo du, indar aurrerakoien artean bozkatuena baita. Dena dela, hautagai subiranistak alkate izateko gehiengoa lortzen ez badu, "irtenbide alternatiboak" bilatuko dituela azpimarratu du. Horren harira, iragarri du "kontsentsuzko hautagai" izateko eskainiko duela bere burua.
Martinezek prentsaurrekoa eskaini du Iruñean, eta "bi indar aurrerakoi nagusien artean sortutako blokeoa" gainditu behar dela nabarmendu; izan ere, ez batak ez besteak, ez dute alkatetza lortzeko gehiengo osorik, eta Elma Saiz sozialistak argitu du ez diola Asironi babesik emango. Egoera horren aurrean, "pauso bat aurrera" ematea erabaki du Martinezek.
"Elma Saizi erantzunez, argi utzi nahi dut Geroa Bairi Saizi alkatetza ematea eskatzea UPNri oparitzea dela, eta hori Gero Baik ez du inolaz ere egingo", argitu du.
Cristina Ibarrola UPNren zerrenda izan zen bozkatuena Iruñean (9 zinegotzi). EH Bildu izan zen bigarren indar (8), eta PSNk bost zinegotzi eskuratu zituen, PPNk eta Geroa Baik, bina eta Zurekin Nafarroak, bat.
Emaitzak aztertuta, Martinezek esan du Iruñeko boto-emaileen gehiengoa (% 55) aurrerakoia dela, eta, beraz, "ulergaitza" litzatekeela aukera hori galtzea eta alkatetza UPNk eskuratzea.
Geroa Baik adierazi du bai Iruñean baita beste Udaletan ere alkatetza lortzeko boto gehien lortu duen edo lortu duten indarrei" emango diela euren botoa. Baina beste indar batzuek beharrezko boto kopurua izanda, hau oztopatzen badute, "irtenbide alternatiboak" bilatzen saiatu beharko direla adierazi du, "indar progresistak elkar aurki gaitezen".
"Koherentziagatik, errespetuagatik eta herritarrekiko konpromisoagatik, esan du, "ezohiko blokeoen aurrean, salbuespeneko irtenbideak bilatu behar dira. Hala, adierazi duenez, Geroa Baik egiten duen proposamena argia da: "Denok, talde progresista guztiok aurrerapauso bat eman behar dugu, formula posible bat bilatu eta lortu behar dugu desblokeo hori hausteko", esan du.
Martinezentzat onartezina da gaur dagon egoera: "Iruñeko herritarrek era progresista baten bozkatu dute eta talde progresistak horri erantzun behar diogu", esan du. "Badugu erantzunkizun bat gure herritarrekin", gaineratu du.