Politika -
M28
PSOEk Batzorde Federalaren bilera deitu du ekainaren hasieran, maiatzaren 28ko hauteskunde emaitzak aztertzeko
Itxuraz, ekainaren 10ean egin daitekeen batzarrean maiatzaren 28ko hauteskundeetako porrota izango dute aztergai.
AGENTZIAK | EITB Media
Maiatzaren 28ko hauteskundeak igarota, PSOEk Batzorde Federalaren bilera deitu du ekainaren hasieran "hauteskunde porrota" aztertzeko.
Pilar Alegria PSOEko bozeramaile eta Hezkuntza ministroak Batzorde Federalaren bilera egongo dela aurreratu du, baina ez du eguna zehazten jakin. PSOEko iturrien arabera, litekeena da ekainaren 10ean egitea.
RNE irrati katean egindako elkarrizketa batean Pilar Alegriak esan du hauteskundeak galdu ondoren logikoa dela sozialisten artean gogo aldartea "onena ez izatea".
"Egia da hauteskundeak galdu ditugula", baina zehaztapen bat egin du: "ordezkari galera handiagoa izan da boto galera baino".
PSOEren bozeramaileak Pedro Sanchezek emaitza txarrak bere gain hartu eta hauteskunde orokorrak uztailaren 23ra aurreratu izana defendatu du.
Alderdi barruan kexarik entzun ote duen galdetuta, ezetz erantzun du, "alderantziz". Alegriaren esanetan, Sanchezekiko esker oneko hitzak entzun ditu "erantzukizunez" jokatzeagatik eta "herritarrei zer gobernu nahi duten erabakitzeko aukera emateagatik".