Politika -
U23
Batzorde Nazionalaren premiazko bilera deitu du gaurko Ciudadanosek, U23ko bozketan zer egin erabakitzeko
Alderdi laranjak ez du baztertzen hauteskundeetara ez aurkeztea. Datorren astelehenerako zegoen deituta Batzorde Nazionalaren bilera, baina Sanchezek bozkak aurreratu ondoren, batzarra gaur egitea erabaki dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Batzorde Nazionalaren premiazko bilera deitu du gaurko Ciudadanosek, uztailaren 23ko hauteskunde orokorretan zer egin erabakitzeko. Azken orduotan alderdiko iturriek zabaldutako informazioen arabera, alderdi laranjak ez du baztertzen hauteskundeetara ez aurkeztea.
Adrian Vazquez Cs-eko idazkari nagusiak zehaztu duenez, berez, datorren astelehenerako zuten deituta Batzorde Nazionalaren bilera, igandeko hauteskundeen emaitzak aztertzeko. Atzo Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak hauteskunde orokorrak aurreratu ondoren baina, batzarra aurreratzea erabaki dute.
Hauteskundeetara aurkeztu edo ez erabakitzea Batzorde Nazionalari dagokiola zehaztu du Vazquezek, alderdiaren estatutuetan hala jasota dagoelako.
M28ko hauteskundeetan emaitza oso txarrak jaso ditu Ciudadanosek, eta hainbat gobernutan dituen posizio estrategiko bakanak galdu ditu. Besteak beste, Begoña Villacis Madrilgo Udaletik kanpo geratu da —alkateordea izan da han—, eta Patricia Guasp alderdiaren eledunak ere ez dio eutsi Balearretako Gobernuan izan duen eserlekuari.
Hauteskundeetara aurkeztea erabakiz gero, Cs alderdiak hautagai bat izendatu behar du, eta estatutuen arabera, barne hauteskunde primarioen bidez aukeratu behar da hori. Hauteskunde orokorrak uztailean izanda, ikusteko dago prozesua nola bideratzen duten.