Politika -
Espainiako hauteskundeak
Sumarrekin batzeko deia egin dio IUk ezkerrari, hauteskundeetarako "aukera onena" dela iritzita
Ohar batean, nabarmendu du ez dutela "kexetarako astirik", uztailaren 23ko hauteskundeak gertu daudelako, eta berretsi du "nahastuta" dabilen ezkerrak "proiektu serio eta sinesgarria" eskaini behar duela orain.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Yolanda Diaz buru duen Sumar alderdiarekin batzeko deia egin dio IUk ezkerrari, "herri proiektu bat aurkezteko eta hauteskundeak irabazteko aukera onena" dela iritzita. Testuinguru horretan, alderdiei galdegin die egoerak eskatzen duen mailan egon daitezela, igandeko emaitza "kaskarrak" ahaztu gabe.
Ohar batean, nabarmendu du ez dutela "kexetarako astirik", uztailaren 23ko hauteskundeak gertu daudelako, eta berretsi du "nahastuta" dabilen ezkerrak "proiektu serio eta sinesgarria" eskaini behar duela orain.
"Alderdiak eta herritarrak batuta soilik lor dezakegu alternatiba serio, liluragarri eta ulergarri bat osatzea. Sumar eta Yolanda Diazen hautagaitza dira horretarako aukerarik onena", ziurtatu du Alberto Garzonen alderdiak.
Igandeko bozken emaitzak ezkerrarentzat "txarrak" izan direla onartuta, adierazi du "atzerapen demokratikoa eta soziala" ekar lezaketela.
IUren iritziz, alderdi eskuindarrek "herritarren frustrazioa" bereganatzea lortu dute. "Gainera, koalizio Gobernuaren aurka egin duten kontakizunak arrakasta izan du, eta han eta hemen iragazi dute", dio oharrak.