Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Ortuzar: "Ez gara PP-Vox koaliziora batuko, baina Sanchezek gauzak aldatu beharko ditu gure babesa lortzeko"

EBBko presidentearen hitzetan, EAJ izan da Sanchezek izan duen bazkide "zintzo eta egonkorrena". Bestalde, onartu du oso zaila dela PPko buru Alberto Nuñez Feijoori aukera bat ematea, "ez dugulako benetako Feijoo ezagutzen".

EBBko presidente Andoni Ortuzar Radio Euskadiko "Boulevard" saioan. Argazkia: EITB Media
EBBko presidente Andoni Ortuzar Radio Euskadiko "Boulevard" saioan
EBBko presidente Andoni Ortuzar Radio Euskadiko "Boulevard" saioan. Argazkia: EITB Media

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek gogoeta egin du atzo Pedro Sanchezek egindako hauteskunde deialdiaren inguruan, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan gaur, asteartearekin, eman duen elkarrizketan. Feijoo ala Sanchez, nor nahiago duen galdetuta, irmo erantzun du: "Bere hitza betetzen duena", nahiz eta zehaztu duen EAJ ez dela PP-Vox koaliziora batuko, eta Sanchezek gauza asko aldatu beharko dituela jeltzaleen babesa lortzeko.

Ortuzaren hitzetan, EAJ izan da Sanchezek izan duen bazkide "zintzo eta egonkorrena". Bestalde, onartu du oso zaila dela PPko buru Alberto Nuñez Feijoori aukera bat ematea, "ez dugulako benetako Feijoo ezagutzen". "Sanchezek nahiera erabili gaitu, gu eta guztiok, baita bere alderdikideak ere, eta ez du hitzemandakoa bete. Umiltasuna eta enpatia erakutsi beharko ditu orain bere bazkideekin. Edozeinek esan dezake Sanchezek gogor hartu duela", esan du.

Gaia aldatuta, Aitor Esteban berriro ere Bizkaiko zerrendan buru izango denik baieztatu ez duen arren, bai adierazi du "balio handiko politikaria" dela: "Ez dut lagun moduan hitz egiten, Estatuko parlamentari entzutetsuenetako da, Euskadirentzat bermea da".

Espainiako hauteskundeak bazter utzi eta igandeko emaitzei gainbegiratua egin die Ortuzarrek. Arnaldo Otegiren adierazpenen aurrean —Euskadin ziklo politiko berri bat zabaldu dela esan zuen—, azpimarratu du EAJko boto-emaile asko etxean geratu zirela, baina ez zutela beste alderdi baten alde egin. "Ziklo aldaketa gertatzeko masiboki eman behar diote botoa beste alderdi bati", erantsi du.

Igandekoa jeltzaleentzat "kokotekoa eta astindua" izan bazen ere, gogorarazi du hauteskundeak irabazi zituztela. "Gugan eragina izan duten faktore asko daude, ez dago arrazoi bakarra", azaldu du.

Bukatzeko, datorren hilabetean irits litezkeen balizko itunei buruz aurreratu du "egungo akordioei" eusteko asmoa dutela, "betiere tokian tokiko errealitateak aintzat hartuta". Horrekin lotuta, Otegiri erantzun dio EH Bilduk ere zerrenda bozkatuenari utzi beharko liokeela gobernatzen. "Zer ari da bera eskatzen Iruñerako? Ezin da gauza bat eskatu, eta beste bat egin", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE PP Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Vox Udal eta foru hauteskundeak 2023 Alberto Núñez Feijóo