Politika -
M28
Senatuko 31 ordezkari aldatuko dituzte, hainbat autonomia-erkidegotan izandako emaitzen ondoren
Nolanahi ere, horrek ez du alderdi politiko nagusien arteko indar banaketa desorekatuko; izan ere, PSOEk 113 senatari ditu eta PPk 104. Espainiako Estatuko bost autonomia erkidegotan ez da hauteskunde autonomikorik izan igande honetan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Igande honetan izandako hauteskundeek aldaketa ugari ekarriko dituzte toki askotako udal eta batzar nagusietan. Horrez gain, kontuan izan behar da autonomia-erkidego batzuetan ordezkari berriak aukeratu dituztela, eta hori automatikoki islatuko da Senatuan. Hain zuzen ere, guztira 31 eserleku dira autonomia-erkidegoek izendatutakoak.
31 senatari horiek legegintzaldi honetan dauden 265 senatarien % 11,69 dira, eta datozen asteetan ordezkatzeak ez du alderdi politiko nagusien arteko indar banaketa desorekatuko; izan ere, PSOEk 113 senatari ditu eta PPk 104.
Jatorrizko parlamentuek berriro izendatu behar dituzten senatarien artean, hauteskunde hauetatik sortutako gehiengo berrien arabera, 11 sozialistak dira eta 11 PPkoak.
Gainerako ordezkariak (9), alderdi hauetakoak dira: Geroa Bai, Mes per Mallorca, PRC, PAR, Coalicion Canaria, Compromis, Mas Madrid, Ciudadanoseko kidea izan zen independente bat, eta, azkena, Ciudadanos (geratzen zaion senatari bakarra).
Senatari gehienak, 208, herritarrek aukeratzen dituzte zuzenean Hauteskunde Orokorretan. Legegintzaldi honetan, 57 senatari aukeratu dituzte parlamentari autonomikoek, eta, beraz, 265 senatari dira Espainiako Estatuan guztira.
Nolanahi ere, bost autonomia-erkidegotan ez da hauteskunde autonomikorik izan igande honetan, eta, horregatik, 31 eserlekuri bakarrik eragiten die aldaketa horrek. Hala, zenbait autonomia-erkidegotan, hala nola Madrilen, Extremaduran eta Kantabrian, parlamentariek horien kideen artean izendatzen dituzte senatariak.