Politika -

M28

PPk irabazi ditu udal hauteskundeak Estatuan, eta autonomia gehienetan gobernatu ahalko du

PSOE Gaztela-Mantxan eta Asturiasen nagusitu da berriro, baina Kanarietan eta Extremaduran lehen indarra izan bada ere, eskuinaren batuketak agindu ahalko du.

Ayuso, Feijoo eta Almeida Genovako balkoian. Argazkia: EFE
Ayuso, Feijoo eta Almeida Genovako balkoian. Argazkia: EFE
Ayuso, Feijoo eta Almeida Genovako balkoian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande honetan Estatuan egin diren udal eta autonomia hauteskundeetan, PP izan da alderdi politiko bozkatuena, eta lehen PSOEk gobernatzen zituen hamar autonomietatik seitan gobernatu ahal izango du. Gauzak horrela, mapa politikoa goitik behera irauli da eta lehen kolore gorria zena urdin bihurtu da, hain zuzen ere, Espainiako hauteskunde orokorretarako sei hilabete falta direnean. "Espainiak ziklo politiko berria" hasi duela aldarrikatu du Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak Genova kaleko PPren egoitzako balkoitik. Pilar Alegria PSOEko bozeramaileak, bere aldetik, aitortu du emaitza "txarrak" direla.

PP nagusitu da Madrilen, Valentzian, Balearretan, Aragoin, Murtzian, Kantabrian eta Errioxan, eta 2019ko hauteskundeekin alderatuta, sei autonomia eskuratu ditu. Madrilen eta Errioxan gehiengo absolutua eskuratu du, eta gainerakoetan itunak egin beharko ditu agintzeko. Vox erabakigarria izango da Valentzian, Aragoin, Balearretan eta Kantabrian gobernatu ahal izateko.

PSOEk, bere aldetik, gehiengo osoa lortu du Gaztela-Mantxan, eta Asturiasen, Kanarietan eta Extremaduran alderdi bozkatuena izan da. Gainera, sozialisten gotorleku izandako autonomiak galdu ditu; Valentzia, Aragoi, Balear Uharteak eta Errioxa, besteak beste.

Udal hauteskundeak ere, PPk irabazi ditu, eta Sevillan, Valentzian eta Palman nagusitu da. Madrilen lortutako gehiengo absolutuaz gain, lehen indarra da probintziako 28 hiriburutan. Andaluziako zortzi hiriburuetako zazpitan gailendu da (Jaenen ez beste guztieatn), eta Cadizen gehiengo osoa eskuratu du. Valentziako Erkidegoko hiru hiriburuetan, Extremadurako bietan eta Gaztela-Mantxako bost probintzietako hirutan ere lehen postua lortu du. Bartzelonan, Xavier Trias (TriasxBCN) hautagaia izan da bozkatuena, eta Ada Colau (orain arteko alkatea) hirugarren postuan gelditu da, PSCren atzetik.

Estatuko hamar hiri handienak kontuan hartuta, PSOEk Las Palmas Kanaria Handikoan bakarrik lortu du lehen indar politiko izaten jarraitzea, Sevillan, Zaragozan eta Palman lehen tokia galdu baitu. Aitzitik, postu horri eutsi dio Sorian, Burgosen, Cuencan, Gironan, Guadalajaran, Leonen, Lleidan, Palentzian, Santa Cruz Tenerifekoan, Tarragonan, Toledon eta Valladoliden.

Ciudadanos desagertu egin da mapa politikotik, eta Podemosek eta Sumarrek porrot egin dute. Ciudadanos parlamentu autonomiko guztietatik eta Madrilgo Udaletik kanpo gelditu da; Begoña Villacis Madrilgo alkateordea zen orain arte. Unidas Podemosek, bere aldetik, ez du ordezkaritzatik lortu ez Madrilgo Asanbladan, ez Valentziako Gorteetan, ezta Kanarietako Parlamentuan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Berriak Politika Albisteak PSOE Alderdi Popularra Albisteak Gaur Eguneko albisteak Galizia albisteak Hauteskundeak Asturias albisteak Alacant gaur Kantabria Kanariak azken ordukoa Balearrak azken ordukoa Logroño azken ordukoa Aragoi