Politika -
Kazetaritza
Poloniak lehen aldiz hitz egin du Pablo Gonzalezi buruz: "Espero dugu epaiketa laster izatea"
Zehaztasun gehiagorik argitu ez badu ere, Poloniako Atzerri ministroak esan du euskal kazetariari egozten dizkioten delituak "oso larriak" direla.
AGENTZIAK | EITB Media
Zbigniew Rau Poloniako Atzerri ministroak adierazi du espero duela Pablo Gonzalez euskal kazetariaren aurkako epaiketa "laster" egitea. Era berean, gaineratu du informatzaileari egozten dizkioten kasuak "oso larriak" direla, eta bai Poloniak, bai Espainiak, auzia "amaitzea" espero dutela.
Pablo Gonzalez duela urtebete baino gehiago kartzelatu zuten Polonian, Ukrainako gerrak eragindako errefuxiatu-krisiari buruz informaten ari zela, Errusiaren alde espioitza egitea egotzita.
Gaur, Zbigniewek bilera egin du Valentzian Jose Manuel Albares eta Bogdan Aurescu Espainiako eta Errumaniako Atzerri ministroekin, eta ondoren egindako agerraldian, Pablo Gonzalezi buruz galdetu diote kazetariek. Erantzuna Poloniak auziari buruz egindako lehen adierazpen ofiziala izan da, hain zuzen ere.
"Sinetsi, Espainiaren eta Poloniaren interesa da auzia ixtea eta amaitzea, baina akusazioa ondo prestatu behar da", esan du.
Bestalde, Albaresek azpimarratu du Poloniako ministroarekin hitz egin ohi duela gai horri buruz, eta berretsi du karguak "oso larriak" direla.
Horren esanetan, "beti" egiaztatu du Gonzalezen eskubideak errespetatu izana, eta Kontsulatutik ere bisitak jaso ditu.
"Haren oinarrizko eskubideak, batez ere defentsarako eskubidea, guztiz bermatuta daude", esan du, eta nabarmendu du kazetariak bisitak jaso ahal dituela.