Politika -
EITB Focus
Ramiro Gonzalezek (EAJ) hirugarren agintaldia erdietsiko luke Araban
Alderdi jeltzalea eta EH Bildu hazi egingo lirateke, PSEk eta Elkarrekin koalizioak behera egingo lukete, eta PPk egonkor jarraituko luke.
D.P. | eitb media
EAJk irabaziko lituzke Arabako Batzar Nagusietarako hauteskundeak maiatzaren 28an, eta horrenbestez, Ramiro Gonzalez egungo ahaldun nagusiak hirugarren agintaldia lortuko luke, betiere egungo itunak errepikatuko balira, EITB Focus makroinkestaren arabera.
Alderdi jeltzaleak 17-18 eserleku izango lituzke (17 ditu egun), eta bototan puntu bat egingo luke gora, % 29,7tik % 30,8ra.
EH Bilduk ere hazkundea izango luke: 3 puntu gehiago izango lituzke bototan (% 24,4), eta batzarkide bat gehiago, 13.
PSE-EEk, bere aldetik, ordezkari bat gutxiago lortuko luke, 9, eta puntu eta erdi egingo luke behera bototan.
Bestalde, PPk atxiki egingo lituzke egungo 8 eserlekuak, eta Elkarrekin koalizioak bat gal lezake, 3-4 aurreikuspena baitu.
Metodologia
EAEn, 6.649 pertsona elkarrizketatu dituzte udal eta foru hauteskundeei buruzko EITB Focus berezia prestatzeko. Horietatik, 1.543 Araban izan dira; 2.483, Bizkaian, eta 2.623, Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, 1.358 galdekatu dituzte.
Inkestak apirilaren 26a eta maiatzaren 12a bitartean egin zituzten EAEn, eta maiatzaren 3a eta 11 bitartean Nafarroan.
Konfiantza-mailari eta beste hainbat adierazle estatistikori buruzko informazio sakonagoa ezagutzeko, kontsultatu ikerketaren PDFa.
PDF osoa: EITB Focus EAEko Batzar Nagusietarako hauteskundeei buruz
PDF osoa: EITB Focus Nafarroako Parlamenturako hauteskundeei buruz