Politika -

EITB Focus

EAJk irabaziko luke EAEko hiru hiriburuetan, baina EH Bildurekiko lehia estutu egingo litzateke Gasteizen

Alderdi jeltzalea alde handiaz gailenduko litzateke Bilbon eta Donostian. Gasteizen, ordea, bi alderdien arteko aldea puntu bakarrekoa izango litzateke. Iruñean, baliteke UPNk eta EH Bilduk zinegotzi kopuru bera lortzea, eta PSNk izango luke Alkatetzaren giltza.

EITB Focus
EITB Focus
EITB Focus

David Perez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PDF: EITB FOCUS inkesta, EAEko udalerrietako boto-asmoari buruzkoa

PDF: EITB FOCUS inkesta, Iruñeko boto-asmoari buruzkoa

EAJk irabaziko lituzke M28ko udal hauteskundeak Bilbon, Donostian eta Gasteizen, baina Arabako hiriburuan lehia oso estua izango litzateke alderdi jeltzalearen eta EH Bilduren artean, puntu bakarreko aldea izango bailukete, EITB Focus makroinkestaren arabera.

Bestalde, UPN izango litzateke indar bozkatuena Iruñean, baina baliteke koalizio abertzaleak zinegotzi kopuru bera lortzea, eta PSNk berriro izango luke Alkatetzaren giltza.

Oro har, eta egungo itun politikoak aldatu ezean, EAEko hiriburuetako udalek ez lukete aldatuko kolore politikoa. Hori bai, Gasteizen eta Iruñean lehia biziak espero dira, eta dena airean egon liteke azken unera arte.

Duela bi hilabeteko EITB Focus inkestak aurreikusi bezala, EAJ hazi egingo litzateke bototan, EH Bilduk hazkunde handiagoa izango luke, eta PSE-EE eta Elkarrekin jaitsi egingo lirateke, modu sakonagoan koalizio ezkertiarraren kasuan. PPk, bere aldetik, geldiarazi egingo luke martxoan Voxen alde aurreikusitako boto-ihesa.

Hori horrela, EAJk udala mantenduko luke Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Gainera, gehiengoa indartuko luke Barakaldon, Basaurin eta Getxon.

Bestalde, EH Bilduk Aguraingo eta Tolosako Alkatetzak bereganatuko lituzke (egun EAJren esku daude), Iruñekoa berreskuratzeko aukerak izango lituzke, eta Laudion ere goberna lezake. Azken herri horretan, bigarren indarra izango litzateke koalizio abertzalea, baina gehiengo osoa batuko luke herri plataforma batekin.

Azkenik, PSE-EEk eutsi egingo lieke Irungo eta Eibarko feudo historikoei, bototan behera egin arren.

EITB Taldeko hedabideek udal hauteskundeetarako inkestak publikatu dituzte gaur. Bihar, ordea, Batzar Nagusietarako eta Nafarroako Parlamenturako aurreikuspenen txanda izango da.

Metodologia

EAEn, 6.649 pertsona elkarrizketatu dituzte udal eta foru hauteskundeei buruzko EITB Focus berezia prestatzeko. Horietatik, 1.543 Araban izan dira; 2.483, Bizkaian, eta 2.623, Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, 1.204 galdekatu dituzte.

Inkestak apirilaren 26a eta maiatzaren 12a bitartean egin zituzten EAEn, eta maiatzaren 3a eta 11 bitartean Nafarroan.

Konfiantza-mailari eta beste hainbat adierazle estatistikori buruzko informazio sakonagoa ezagutzeko, kontsultatu ikerketaren PDFa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Gasteizko Udala albisteak Donostiako Udala Politika EAJ-PNV Bizkaia Gipuzkoa Araba EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EiTB Focus Hauteskundeak Iruñeko Udala albisteak Udal eta foru hauteskundeak 2023 Eae-ko udal eta foru hauteskundeak Nafarroako udal eta foru hauteskundeak Hauteskunde inkestak