Politika -

PASAIAKO SARRASKIA

Bigarren identifikazio saioan ere Merinok ez du identifikatu Pasaiako sarraskian parte hartu zuen poliziarik

Joseba Merinok, sarraskitik bizirik atera zen pertsona bakarrak, ezin izan du poliziarik identifikatu, lehendabiziko identifikazio saioan gertatu bezala. Gaur hiru zeuden deituta, baina bakarra agertu da, itxuraz, beste biak hilda daudelako.

Donostiako Auzitegiaren atarian, Atotxan, gaur egin duten elkarretaratzea. Argazkia: EFE
Donostiako Auzitegiaren atarian, Atotxan, gaur egin duten elkarretaratzea. Argazkia: EFE
Pasaiako segadan parte hartu zuten poliziak ezagutzeko identifikazio-saioan, emaitzarik ez

01:06

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pasaiako badian Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide tiroz hil zituenetik 39 urte igaro direnean, gertakari haietan parte hartu zuen polizietako bat identifikatzeko ahaleginean, bigarren identifikazio saioa egin dute gaur goizean Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Gaurko saioa hasi bezala amaitu da, izan ere, Joseba Merinok, sarraskitik bizirik atera zen pertsona bakarrak, ez du inor identifikatu.

Martxoaren 28an egin zen lehendabiziko ezagutze errondan hiru agentek parte hartu zuten eta Joseba Merinok ez zuen lortu bakar bat ere identifikatzerik.

Gaurko saioaren amaieran Santiago Gonzalez abokatuak azaldu duenez, hiru polizia zeuden deituta, baina bakarra agertu da, beste biak hilda daudela jakinarazi duelako epaileak. Ildo horretan, familiaren abokatuak heriotza horiek ofizialki egiaztatzea eskatuko du.

Bestalde, onartu du hainbeste urteren ondoren identifikazio "positiboa" lortzea "zaila" dela. Hori dela eta, argazki erronda bat egitea eskatuko du garai hartako karneteko argazkiekin eta irudi ofizialekin.

Joseba Merinok, bere aldetik, esan du bidea ez dela amaitu oraindik beste eginbide batzuk zabalik daudelako.

Gaurko hitzorduarekin bat eginez, Pasaiako sarraskian hildakoen senide eta lagunek elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako Auzitegiaren atarian "Pasaia gogoan" eta "Pasaiako sarraskia ikertu eta argitu!" lemapean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Azpeitia albisteak Gaurko titularrak Pasaia argazkiak Gaurko azken ordukoa Gerra Zibileko biktimak Polizia indarkeriaren kasuak