Politika -
Ustelkeria
'De Miguel auzia': kartzelan sartu dute Sanchez Robles, lehen kondenatua
Zazpi urte eta hilabete bateko espetxe zigorra ezarri zioten, ustelkeria delitu ezberdinengatik, EAJko goi kargudun ohiari. Guztiak, EAJko buruzagi ohi Alfredo de Miguelek zuzendutako azpikeriarekin lotuta, Euskadiko ustelkeria sare handienarekin.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Gazteriarako eta Ekintza Komunitariorako zuzendari eta EAJko goi kargudun ohi Xabier Sanchez Robles Zaballako kartzelan sartu dute bart. Zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, ustelkeria delituengatik, 'De Miguel auzia'-rekin lotuta. Hartara, presondegian sartu duten lehen kondenatua da Sanchez Robles, Euskadiko ustelkeria sare handienean parte hartzeagatik kondenatua.
Horrekin batera, Euzko Alderdi Jeltzaleko beste hiru zigortu daude: Alfredo de Miguel Arabako EAJren 2.a izandakoa eta foru diputatu ohia, Aitor Telleria alderdi horretako buruzagi ohia eta Koldo Otxandiano alderdikidea.
Azken horiek kartzelan sartzeako zain daude, kartzela saihesteko indultu eskaera aurkeztu ondoren. Horregatik, auzitegiko mediku-azterketa egin beharko dute.
Esan bezala, atzo Sanchez Robles iritsi zen Zaballara, 18:00ak aldera, Europa Press albiste agentziak jakin ahal izan duenez. Ustelkeria delitu ezberdinak egotzi zizkioten Gazteriarako zuzendari zenari; guztiak, EAJko buruzagi ohi Alfredo de Miguelek zuzendutako azpikeriarekin lotuta.
Aurrekariak
Sanchez Roblesi zazpi urte eta hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote, Alfredo de Miguel EAJko buruzagi ohia buru zuen ustelkeria sarearekin lotutako ustelkeria delituengatik, kontratu publikoen esleipen irregularrengatik legez kanpoko komisioak kobratzea egotzita.
Prozesu judiziala 2009an hasi zen, Ainhoa Alberdi abokatuak Arabako Fiskaltzan Alfredo de Miguel salatu zuenean, orduko Arabako Toki Administrazioko diputatua, kontratu bat lortzeko "hozkada" bat eskatzeagatik.
Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren, De Miguel eta Otxandiano Hazi Fundazioan eta Arabako Parke Teknologikoan zituzten postuetatik kaleratu zituzten, eta Sanchez Roblesek Bizkaiko Foru Aldundiko funtzionario izaera galdu zuen.
Ustelkeriaren ordezkaria
Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidentea sare sozialetan gaiari buruz aritu da Xabier Sanchez Roblesen espetxeratzea publiko egin ostean. Horietan "EAJ Euskadiko ustelkeriaren ordezkari nagusia" dela azpimarratu du.
Gainera, gogorarazi nahi izan du ez dela jeltzaleen ustelkeria kasu bakarra. "Ez dira kasu isolatuak, EAJren kasuak baizik", adierazi du Carlos Iturgaitzek.