Politika -

M28 hauteskundeak

ETAko kide gisa zigortutako EH Bilduko 44 hautagaiek inhabilitazio-zigorra beteta dute dagoeneko

Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) egindako analisi baten arabera, M28ko hauteskundeetarako EH Bilduren zerrendetan doazen 44 hautagai seinalatuak aukeragarriak dira.

Boto kutxa baten irudia. Argazkia: EITB MEDIA
Boto kutxa baten irudia. Argazkia: EITB MEDIA
Boto kutxa baten irudia. Argazkia: EITB MEDIA

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotako polemikaren harira, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) ETArekin lotura izateagatik zigortuak izan eta M28ko hauteskundeetan EH Bilduren zerrendetan doazen 44 hautagaien gaineko epaiak aztertu ditu eta, ondorioztatu duenez, hautagai guztiek dute hauteskundeetara aurkezteko eskubidea, inhabilitazio-zigorra beteta dutelako.

Epaiketen azterketaren arabera, inhabilitazio-zigorra ezarri zieten gehienak "ETAren inguruarekin lotura zuten taldeetakoak" ziren, baina zigor horiek beteta dituzte dagoeneko. Horien artean daude, esate baterako, Maria Teresa Diaz de Heredia Amnistiaren Aldeko Mugimenduko burua izandakoa, Gorka Betolaza SEGiko kidea, Hasier Arraiz edo Egoitz Betolaza Batasunako kideak, edo Maria Teresa Toda Iglesias EGINeko zuzendariordea.

"Nazka eman arren, hautagaitza horiek aurkeztu daitezke", esan du Carmen Ladron de Guevara AVTko abokatuak Copen eskainitako elkarrizketa batean. Dena dela, Espainiako Gobernuak EH Bildu "lehentasunezko bazkide gisa" mantentzea gogor kritikatu du AVTk, "zerrendetan hiltzaileak daramatzan alderdi batekin gobernatzea", euren esanetan.

26 epairen azterketa

Inhabilitazio epea amaituta dago edo zigor hori ez zen ezarri AVTk aztertu dituen 26 epaitan (horietatik bat absoluzioan amaitu zen). Beste hiru epai Frantziako auzitegiek eman zituzten, eta horietan ere ez zuten inhabilitazioarekin zigortu akusaturik.

Kasuetako batean ez dago epairik, eta beste 14tan AVTk ezin izan du epaia aurkitu, baina ezarritako zigorra oso txikia zen, eta hortaz, elkarteak ez du ust inhabilitazioa indarrean egongo denik.

Hala, epaiak aztertu ondoren, ondoriozta daiteke inhabilitazio berezia izan zuten 44 pertsona horietako gehienak arestian aipatutako taldeetako kideak zirela eta zigorrak beteta dituztela jada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika ETA EH Bildu Zenbat hautagai aurkeztu dira? Eguneko albisteak Albisteak Udal eta foru hauteskundeak 2023 Eae-ko udal eta foru hauteskundeak Terrorismoaren Biktimak Gaur Hauteskundeak gaur