Politika -
Kopako Finala
EH Bilduren logoa estali dute Osasunaren aldeko karteletan, Sevillan
Andaluziako Gobernuak panelen zati bat estali du, eta, beraz, orain "Aupa Osasuna" leloa baino ez da geratzen agerian; alderdi politikoaren izenik, ikurrinarik eta Nafarroako banderarik gabe.
Agentziak | EITB Media
EH Bilduren logotipoa estali dute ostiral honetan Sevillako La Cartuja estadioaren inguruan jarri zituzten Osasunaren aldeko paneletan. Bertan jokatuko da gaur talde nafarraren eta Real Madrilen arteko Errege Kopako finala.
Karteletan "Aupa Osasuna" leloa irakur zitekeen, EH Bilduren logoarekin, ikurrinarekin eta Nafarroako banderarekin batera. Hesiek zutik diraute, baina lona urdin batez estali dute alderdi politikoak taldeari babesa ematen zion zatia, baita banderak ere.
Kartelok ezarri zituztela jakin ondoren, PSOEk salaketa jarri zuen Sevillako Eskualdeko Hauteskunde Batzordean (JEZ), EH Bilduren aurka, eta organo horri eskatu zion Andaluziako Gobernuari, lurren jabeari alegia, berehala kentzeko agintzeko.
Bestalde, Sevillako Udalak berehala esku hartzeko eskatu dio Andaluziako Gobernuari, La Cartuja estadioaren inguruko autonomia-administrazioaren lurzoruetan eta Sevillako Santiponce udalerrian dauden hesiak kentzeko agindua eman dezan.
Ohar batean, Udalak adierazi du hauteskunde-kanpaina hasi aurretik alderdi politikoen publizitate mota hori espresuki debekatzen duen hauteskunde legea urratzen duela publizitate-hesi horrek.