Politika -
Ustelkeria politikoa
Ana Urchueguiak delituak onartu eta akordioa lortu du fiskaltza eta akusazioekin, espetxe zigorra saihesteko
24 urtez Lasarte-Orian PSE-EEko alkate izandakoak 2000 eta 2009 bitartean prebarikazio eta bidegabeko eralgitze delitu "jarraituak" egin izana onartu du, Nikaraguako Somoto herrira bideratutako funtsekin.
EITB Media
Ana Urchueguia sozialistak (PSE-EE), 24 urtez Lasarte-Oriako alkate izandakoak, akordioa lortu du fiskaltzarekin eta akusazioekin, espetxe zigorra saihesteko.
Prebarikazioagatik eta diru publikoa gaizki erabiltzeagatik ari ziren ikertzen 2015etik, eta, El Diario.es hedabideak aurreratu duenaren arabera, akordioaren ondorioz, Urchueguiak onartu egin du 2000 eta 2009 bitartean, bera alkate zela, delitua egin zuela berez Nikaraguako Somoto herrirako ziren dirulaguntzekin. Somoto herria eta Lasarte-Oria senidetuta daude. Itxuraz, 81 espediente leudeke legez kanpo eginda.
Delitua aitortuta, 18 urteko inhabilitazio zigorra jasoko du Ana Urchueguiak, eta 2.160 euroko isun sinbolikoa. Horretarako, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak ontzat eman beharko du akordioa.
Alkate izateaz gain, Jaurlaritzan ere izan zuen kargua Urchueguiak, eta senatari izana da eta batzarkide Gipuzkoako Batzar Nagusietan. 2010ean utzi zuen alkate kargua, Eusko Jaurlaritzaren Txile eta Perurako ordezkari izendatu zutenean.