Politika -
GERNIKAKO BONBARDAKETA
Urkulluk eskertu egin du ministroa omenaldira joatea, baina "egindako mina" aitortzeko eskatu dio Estatuari
Lehendakariaren ustez, Estatuak "biktimei zor die" aitorpen hori egitea. Espainiako Gobernuak ministro bat bidaliko du gaur, lehen aldiz, Gernikako bonbardaketa oroitzeko ekitaldira.
EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du "urrats positiboa" dela Espainiako Gobernuak lehen aldiz ministro bat bidaltzea Gernikako Bonbardaketa oroitzeko ekitaldira, baina gaineratu du keinu horrek "lehenago" etorri behar zuela.
Era berean, agintariak "egindako mina aitortzeko eta herritar guztienganako erreparazio moral eta instituzionala egiteko" eskatu dio Espainiako Gobernuari, Gernikako bonbardaketaren 86. urteurrena dela eta publikatutako adierazpen batean.
"Estatu demokratiko bati dagokio, eta bere gain hartu behar du errekonozimendu hori. Biktimei zor die", nabarmendu du Urkulluk.
Espainiako Gobernuaren ministro batek, Felix Bolañosek, parte hartu du gaur, aurrenekoz, omenaldian. Iaz, Exekutiboak Estatu idazkari bat bidali zuen ekitaldira, eta gaitzetsi egin zuen sarraskia, lehen aldiz.