Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
UPNri udalik ez "oparitzeko" eskatu dio Barkosek PSNri
Nafarroako presidentetzarako Geroa Bairen hautagaiak kritikatu du gaur egun Gobernuan Chivitek ez duela transferentziak egikaritzeko prozedurarik abian jarri.
eitb media
Uxue Barkos Geroa Bairen presidentegaiak UPNri udalak "berriro ez oparitzeko" eskatu dio PSNri, aurreko hauteskundeen ostean Iruñeko Udalean eta beste batzuetan gertatu zenari erreferentzia eginez.
Barkosek, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, Iruñeko Udalean lehenengo aurrekontuak onartzeko sozialistek unionistei babesa eman izana ere kritikatu du.
PSNk eta UPNk Nafarroan osatutako balizko gobernu baten inguruan galdetuta, hautagai iruindarrak esan du ez dela "okerrenean" jarri behar, baina salatu du aurreko hauteskundeen ostean sozialistek "udal nagusiak oparitu" zizkiotela UPNri.
Maiatzaren 28ko hitzorduari begira, Barkosek "ausardia" eskaini die herritarrei, iritzi baitio Maria Chivitek, eskumenak lortu arren, ez dituela pausoak eman horiek egikaritzeko: "Ez dute prozedurarik abiatu".
Horren harira, galdetu du Chivitek zer egingo lukeen Pedro Sanchezek uko egingo balio Nafarroako alderdi gehienek eskatutako eskumen bati, horixe gertatu baita Ikerketa, Garapena eta Berrikuntzaren ingurukoarekin; izan ere, Geroa Baik eskatu ostean, gainerako alderdi gehienek bat egin dute eskari horrekin, baina Sanchezen ezezkoa jaso du.
Nafarroako Gobernua EH Bildurekin osatzeko aukeraz, Geroa Bairen hautagaiak azpimarratu du aurreko legegintzaldian gertatu zela; horregatik, ez du baztertzen formula errepikatzea.