Politika -
Euskara
200etik gora eragilek eta kolektibo sozialek eskatu dute euskararen ofizialtasuna Nafarroan
Parlamentuaren aurrean egindako ekitaldi batean, ehun bat lagunek elkarretaratzea egin dute ofizialtasunaren aldeko agiria jakinarazteko. 206 sinatzailek bat egin dute dokumentu horrekin, eta laster alderdi politikoekin bilduko direla aurreratu dute, euren eskaria helarazteko.
Agencias | EITB MEDIA
Datorren legegintzaldian Nafarroako Parlamentuan "lehentasuneko gai bat" euskararen ofizialtasuna foru erkidego osora zabaltzeko eskaerari erantzun diezaioten eskatu dute ostegun honetan bertako 200 eragile eta kolektibo sozial baino gehiagoren ordezkariek.
Nafarroako Parlamentuaren aurrean egindako ekitaldi batean, ehun bat pertsonak elkarretaratzea egin dute "Ofizialtasuna" hitza zuten kartel gorriekin. Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak, berriz, 206 sinatzailek babestu duten agiria irakurri du.
"Nafarroako gizartearen erakusgarri esanguratsua gara", esan du erkidego osoan euskararen ofizialtasuna eskatzeko, "hau da, milaka nafarrek herritartasuna berdintasunean, bazterketarik gabe, lurralde osoan bizitzeko aukera izan dezaten", eta hegoalderantz kilometroak egin ahala eskubideak galtzeko egoera "ulertezina" bizi ez dezaten.
Argudiatu duenez, "ofizialtasunak ez dizkio inori eskubideak kentzen, ez dituenari ematen dizkio", eta, horregatik, hauteskunde autonomikoen atarian, "indar bereziz" eskatu die ekainetik aurrera Parlamentuko kide izango diren alderdi politikoei "ofizialtasunaren eskaerari erantzuteko, lehentasunetako bat izan dadin".
"Berdintasuna ekar dezatela Nafarroara. Hain zuzen ere, oinarrizko gai nagusi bat delako, kohesio eta justizia sozialari eta bizikidetzari eragiten diena", esan du Eskisabelek, eta azken balio horiek Nafarroako herritar guztientzat direla onuragarri, "ez soilik euskaldunentzat".
Eskaera publiko egin ondoren, datozen egunetan alderdiekin bilera sorta bat egingo dutela iragarri dute, euren eskaria lehen pertsonan helarazteko.