Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Osakidetzari buruzko "gezurrak" salatu ditu Zupiriak: "Ez gaude sistema desegiten, ezta pribatizatzen ere"
Jaurlaritzako bozeramailearen ustez, sindikatuen mobilizazioak errespetatu beharreko eskubideak dira, baina "esaten ari diren batzuk gezurtatzea" Jaurlaritzari dagokio. Horren arabera, "osasun publikoa babesten eta bertan inbertitzen ari den administrazio bat nekez ariko da hura pribatizatzen".
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak erabat ukatu du Jaurlaritza osasun sistema publikoa "desegiten eta pribatizatzen" ari dela, eta azpimarratu du, sindikatuen mobilizazio legitimoak gorabehera, Jaurlaritzari dagokiola Osakidetzari buruz esaten diren "gezur eta faltsukeriak" ezeztatzea. "Bere osasun sistemaren alde lanean eta etengabe inbertitzen ari den administrazio bat nekez ariko da hura pribatizatzen", argudiatu du.
Eledunak beste gai batzuk ere izan ditu hizpide Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan. Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak Arturo Espejoren maila igoera defendatu izanaz galdetuta, Mikel Zabalzaren heriotza "ez zen behar bezala ikertu", erantzun du Zupiriak. Horren ustez, "kasu honen inguruan sortu diren gaizki-ulertuak argitzeko modu bat egoki ikertzea litzateke". Gogorarazi duenez, Jaurlaritzak herri honetako indarkeria bidegabearen biktima izendatu du Zabalza.
Azkenik, Espainiako Gobernuak atzo Kongresuan adierazitako konpromisoaz ere mintzatu da. Sanchezek esan zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteari eta Europako Batzordeari helarazi diela tren lasterraren korridore atlantikoa 2030erako "prest" egotea espero duela. Zupiriaren esanetan, "mezu garrantzitsua da, entzun beharra geneukan". Halaber, "albiste on" gisa jo du "Espainiako Gobernuak agertutako beste konpromiso hori ere, alegia, Europan makroeskualde bat osatzea Portugal, Espainia, Frantzia, Afrika eta Irlandaren interesak defendatzeko eta arku atlantikoa atzean ez geratzeko".