Politika -
Udal hauteskundeak
Ayusok itxiko du PPren Bilboko Udalerako zerrenda maiatzeko hauteskundeetan
"Keinu sinboliko horrekin bere alderdiari babesa eman nahi dio EAEn, baita Konstituzioari eta Espainiaren batasunari ere", esan dute PPren Madrilgo iturriek.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Madrilgo Erkidegoko presidente Isabel Diaz Ayusok itxiko du maiatzaren 28ko hauteskundeetan PPren Bilboko Udalerako zerrenda, Esther Martinez buru izango duena.
"Keinu sinboliko horrekin bere alderdiari babesa eman nahi dio EAEn, baita Konstituzioari eta Espainiaren batasunari ere", esan dute PPren Madrilgo iturriek.
Ildo horretan, azpimarratu dute Ayusok beti erakutsi izan duela "harreman berezia" daukala EAEko popularrekin, eta gogora ekarri dute alderdira afiliatu zenean Maria San Gilen —lehendakarigai zenean— alde kanpaina egitea izan zela bere lehentasunetako bat.
Bestalde, Miguel Angel Rodriguezek, Jose Maria Aznarren Gobernuan Estatuko Komunikazio idazkari izan zenak, PPren zerrenda itxiko du Durangon, eta Miguel Angel Blanco Fundazioko zuzendari Cristina Cuesta izango da popularren zerrendako bigarrena Galdakaon.