Politika -
ETXEBIZITZA ESKUBIDEA
Pedro Sanchez: "Lege berriari esker, etxebizitza eskubidea izango da eta ez arazoa"
Espainiako Gobernuko presidenteak defendatu du "historikoa" dela ostiral honetan PSOEk eta Unidas Podemosek ERCrekin eta EH Bildurekin lortutako akordioa, etxebizitzaren legea onartzea ahalbidetuko duena.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchez Espainiako presidentea pozarren agertu da etxebizitza legea aurrera ateratzeko lortutako akordioarekin. Horri esker, Konstituzioak dioen bezala, "eskubidea izango baita, eta ez arazoa".
Bilbon izan da Sanchez gaur, euskal sozialistek urtarrilean hil zen Rodolfo Aresen omenez antolatutako ekitaldian. Bere hitzartzean sozialisten profila nabarmendu nahi izan du, herritarren zerbitzura daudela azpimarratuz eta hor egin dio erreferentzia etxebizitzaren inguruko akordioari. Sozialismoaren lana pertsonen "duintasunaren alde" egitea dela adierazi du eta Espainian, demokrazia garaian ondu den lehen Etxebizitza Legea izango dena goraipatu du."Lege honek gazteen arazo nagusietako bat aldatuko du" esan du.
Eskuina beste muturrean dagoela salatu du, aldaketak "murrizketekin lotzen" dituztela beti. Hala, Espainiako presidenteak gogor kritikatu du "PPk Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztuko duela" esan izana. "Aurrerapen bakoitza Konstituzio Auzitegian errekurritzen dute: berdintasunezko ezkontzaren legea, haurdunaldiaren borondatezko etete legea, eutanasiaren legea, etxebizitzaren legea... Badakigu nor defendatzen duten. Ez dute gehiengoa defendatzen, gutxi batzuk defendatzen dituzte, hor goian daudenak", salatu du.
Gainera, helegitea "etxebizitza legea irakurri ere egin gabe" jartzea gaitzetsi du. "Itxaron pixka bat, irakurri, eztabaidatu eta gero begiratu eta erabaki", esan du Sanchezek, eta ohartarazi du "etorkizunak beti ematen diola arrazoia aurrerapenari", "Osasun Sistema Nazionala eta Mendekotasun Sistema edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera abian jartzean gertatu zen bezala, besteak beste" gaineratu du.
Rodolfo Ares gabe "ez litzatekeela sozialismoa ulertuko" nabarmendu du Aresek
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, "ezinbesteko" politikaria izan zen Rodolfo Ares, "euskal sozialismoa ezin da ulertu Rodolfo Ares gabe", esan du Anduezak. PSEko buruzagi historikoa "belaunaldi sozialista oso baten aita" izan zela ere adierazi du eta "herri honentzat bakea eta askatasuna" lortu zituela.
Patxi Lopez lehendakari ohi eta PSOEren Kongresuko bozeramaileak ere Ares goraipatu du "Euskadiren beldurrak astindu eta beste herri bat eraikitzen lagundu" zuela nabarmenduz.
Sanchez, Andueza eta Lopezekin batera, Nora Abete PSE-EEko Kultura idazkariak ere hartu du parte Bilboko Campos Eliseos antzokian egin den ekitaldian.
'Ezinbesteko sozialista. Ezinbesteko sozialista 'lelopean, lagunak, lankideak eta familiako kideak bildu dira, izan ere, urtarrilaren 26an hil zen buruzagi historikoa gogoratzeko.