Politika -
Biktimak
Aranzadi, oroimen webguneetan aldaketak egiteko prest eragile politikoek eta sozialek nahi badute
ETAko kideak biktimen zerrendetan sartu eta gero piztutako polemikaren ostean, zientzia elkarteak adierazi du aldaketak egiteko prest dagoela, proiektuetako eragile politikoek eta sozialek hala egin behar dela uste badute.
EITB MEDIA
Aranzadi zientzia elkartea prest agertu da udaletako oroimen webguneetan aldaketak egiteko, betiere eragile politikoek eta sozialek "beharrezkotzat" jotzen badute.
Polemika Galdakaon (Bizkaia) hasi zen, asteartean. Izan ere, PSE-EEren udal taldeak Galdakao Oroimena udal webgunetik ETAko kideen izenak biktimen zerrendetatik kentzeko eskatu zuen. Ondoren, ekaitz politikoa sortu da, eta gaia Eusko Legebiltzarrera ere iritsi da. Dena dela, Covitek ohartarazi du beste hainbat herritan ere gehitu dituztela ETAko kideak biktimen zerrendetan.
Aranzadiren esanetan, udal proiektuak abian jarri aurretik "talde politiko eta tokiko bizikidetza-mahai guztiek" eskura izan dituzte "garatu diren edukiak".
Nolanahi ere, zientzia elkartea aldaketak egiteko prest agertu da, proiektuak sustatu dituzten "eragile instituzional, politiko, akademiko eta sozialek" hori egin beharra dagoela uste badute.
Argitu duenez, "independentzia zientifikotik" egingo luke, "zorroztasunez eta leialtasunez, gure erakundeek bultzatzen dituzten memoriaren eta giza eskubideen arloko politika publikoak kontuan hartuta".
Agiri luze batean, Aranzadik bere memoria lana defendatu du, Eusko Jaurlaritzak onartutako irizpideei jarraituz egin duen 'Oroimena' proiektuaren tokiko webguneetan islatuta. Elkartearen arabera, Manuela Carmenak, Jon Mirena Landak, Ramon Mugicak eta Juan Maria Uriartek Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren enkarguz egindako "Giza eskubideen urraketei buruzko oinarrizko txostena (1960-2013)" dokumentuetan ezarritako irizpideak jarraitu ditu.
Txosten horretan jasotzen denez, "sufrimendu guztiak ezin dira giza eskubideen urraketatzat hartu", baina horrek "ez du esan nahi ez direnik kontuan hartu behar, gizartea hobetzeko ikuspegitik".
Txostenak atxilotutako 40.000 pertsonen familien sufrimendua aipatzen zuen, eta horietatik 10.000 baino gutxiago inputatu zituzten ETArekin harremana izatea egotzita, baita "indarkeriarekin lotutako egoeretan" hil ziren 227 pertsonak ere, hala nola "suizidioak, liskarrak, armamentua manipulatuz eta polizien artean egindako ustekabeko tiroen ondorioz".
"Nahiz eta hori guztia ezin den zentzu hertsian giza eskubideen urraketatzat hartu, gertatutakoaren memoriaren parte da", dio 2013an Eusko Jaurlaritzarentzat egindako txostenak.
Irizpide horiek erabili dira EAEko hamar bat udalerritako tokiko memoriaren webguneetan ETAko militanteak egoera desberdinetako biktima gisa sartzeko, "salbuespenezko espetxe-legeak" pairatu dituztenak edo bonben leherketen ondorioz hildakoak, besteak beste. Horren ondorioz, EAJk, PSE-EEk, PPk, Eusko Jaurlaritzak eta terrorismoaren biktimen elkarteek kritikak egin dituzte.
Zientzia elkartearen esanetan, bere lanetan "gertakari bakoitzaren deskribapen laburra" baino ez du egiten, "hasierako erradiografia gisa, biktimei memoria eta aitortza errazteko", "gai moralei edo etikoei" heldu gabe.
Gogora Memoriaren Institutuaren hiru jarraibideak ere kontuak izan ditu Aranzadik: "ez baztertu, ez legitimatu, ez lausotu". Halaber, adierazi du proiektua abian jarri den udalerri guztietan adostasun politiko batetik abiatu zela.
"Ez digute inola ere eskatu kontakizun bat sortzeko, baizik eta tokiko erakundeei laguntzeko tresna baliagarri baten bidez, giza eskubideen urraketen biktimak eta motibazio politikoko indarkeriaren ondorioz sufrimenduak jasan dituzten baina giza eskubideen urraketen biktimatzat hartu ezin diren pertsonak identifikatzeko", argudiatu du.