Politika -

Biktimak

Covitek salatu du herri gehiagotan ere sartu dituztela ETAko kideak biktimen zerrendetan

Hain zuzen ere, terrorismoaren biktimen elkarteak udal hauek aipatu ditu: Villabona, Oiartzun, Hernani, Azpeitia, Tolosa eta Orio.

Ayuntamiento de Galdakao
Ayuntamiento de Galdakao
Ayuntamiento de Galdakao

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covitek salatu du EAEko beste sei herritan ere gehitu dituztela ETAko kideak biktimen zerrendetan, Galdakoko Udalak egin bezala, Aranzadirekin batera sortutako memoria weguneetan.

Hain zuzen ere, Covitek udal hauek aipatu ditu: Villabona, Oiartzun, Hernani, Azpeitia, Tolosa eta Orio. EH Bilduren esku daude guztiak, Tolosa izan ezik (EAJ).

Villabonako Udalaren oroimen webgunean, Oscar Zelarain Ortiz ETAko kide ohia ageri da "espetxe politikaren eta salbuespen neurrien biktima" gisa. Bi pertsona hiltzeagatik kondenatu zuten.

Bestalde, Oiartzungo zerrendan, Joanes Larretxea Mendiola (Inazio Uriaren hilketagatik kondenatutako ETAko kideetako bat) ageri da.

Hernanin, Ekain Ruiz sartu dute, "bortizkeria politikoak ondorioztatutako beste gertaera batzuk" atalean. Manipulatzen ari zen lehergailu batek eztanda eginda hil zen. Jose Maria Martin Carpena Malagako PPko zinegotzia zena hil zuen komandoarekin lotura zuen Ruizek.

Jose Luis Arrieta Zubimendi Azkoiti ETAko kide historikoa Azpeitiko Udalaren zerrendan ageri da, "erbesteratze egoeran hildakoak" kategorian. "Hau da, justiziarengandik ihes eginda egonda hiltzeagatik" sartu dute, deitoratu du Covitek. Webgune berean, Gotzon Aranburu Sodupe ere gehitu dute, "poliziaren zaintzapean torturak" sailkapenarekin.

Azken kausa horregatik ere, Patxi Uranga Salbide dago Orioko Udalaren webgunean.

Azkenik, Tolosako oroimen webgunean, Txabi Etxebarrieta Ortiz, hilketa bat egin zuen ETAko lehen kidea (Jose Antonio Pardines guardia zibila hil zuen, hain justu), sartu dute, Guardia Zibilak tirokatuta hil zuelako.

Tolosako kasua

Tolosako oroimen webguneari dagokionez (EAJk gobernatzen du bertan), EAJren GBBko iturriek azaldu dute Aranzadiren lana EH Bilduk enkargatu zuela 2014an, koalizio abertzalea agintean zegoenean, eta zerrenda zuzentzeko eskatu ziotela zientzia elkarteari. Izan ere, "gauza bat da giza eskubideen urraketen biktima izatea eta beste bat espetxe politika bidegabeena izatea".

Horrenbestez, EAJren udal gobernuak bilatzailea desaktibatzeko eskatu dio Aranzadiri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Galdakao ETA Eguneko albisteak Albisteak Memoria Historikoa Terrorismoaren Biktimak Aranzadi Zientzia Elkartea