Politika -
Hezkuntza
Jaurlaritza hezkuntza ituna "urratzen" ari dela salatu du Elkarrekin Podemos-IUk
Ezkerreko koalizioaren legebiltzarkideak planifikazio dekretua eta itunpetze araua kritikatu ditu eta ohartarazi du "gaur-gaurkoz" Elkarrekin Podemosek ez duela legea babestuko. EH Bildu eta PSE-EE ere estu hartu ditu. "Herren geratu zaie eskola publikoaz egin duten defentsa", kritikatu du.
Agentziak | EITB Media
Eusko Legebiltzarrako indarren % 90ak —EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU— babestutako hezkuntza ituna "urratzen" ari da Eusko Jaurlaritza, Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IUko (EP-IU) legebiltzarkideak salatu duenez, eta planifikazio dekretua eta itunpetze araua jarri ditu urratze horren adibidetzat.
"Planifikazio dekretuarekin, itunpetze arauarekin eta zentro publiko eta itunpeko pribatuekin ikusten ari gara; erabat kontra gaude", adierazi dio Europa Press albiste agentziari.
Hori horrela, eta ezkerreko koalizioa itunarekin "konprometituta" dagoen arren, ohartarazi du "gaur-gaurkoz" Elkarrekin Podemosek ez duela legea babestuko.
EH Bildu eta PSE-EE ere gogor kritikatu ditu Martinezek. Horren iritzian, biek duten jarrera ikusita, "herren geratu zaie eskola publikoaz egin duten defentsa".
Jaurlaritzarekin hartu-emanik ez
"Lege proiektua Legebiltzarrera helduko ote den ere ez dakigu. Abenduan heldu behar zen, eta apirilean gaude eta oraindik ez dago", nabarmendu du. Gogorarazi duenez, hauteskundeak tarteko, "geldialdiak" izan ditu prozesuak.
Gainera, azpimarratu du Jaurlaritzak ez diela inongo informaziorik eman. "Beste alderdi batzuekin zirriborroak negoziatzen ibili direla badakigu, baina gurekin ez", argitu du.