Politika -
ABERRI EGUNA 2023
Sayasek Otegiri: "Nafarroak ez du behar bere etorkizuna zein den esango dion batasunorik"
Javier Esparza UPNko presidenteak ere gogor kritikatu du EH Bilduk Iruñean ospatu izana Aberri Eguna eta ohartarazi die ez dutela "Nafarroa eta Euskadi anexionatzea lortuko, euskal errepublika sortzeko".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Sergio Sayas UPNren Madrilgo Kongresuko diputatu ohi eta egun PPNko kide denak Otegiri esan dio Nafarroak ez duela behar "bere etorkizuna zein den esango dion batasunorik".
Horrela erantzun dio Otegiri honek EH Bilduk Iruñean egin duen Aberri Egunaren ospakizunean Sayas eta Carlos Garcia Adanerok "Madrilen menpeko Nafarroa nahi" dutela esan ondoren. Otegik salatu du "UPNko transfugek beldur" diotela "nafarrek erabaki nahi izateari".
"Nafarroak ez du behar bere etorkizuna zein den esango dion batasunorik. Nahikoa gara. Nafarroa forala eta espainiarra da eta izango da" idatzi du Twitterreko bere kontu pertsonalean. Garcia Adanerok ere antzera hitz egin du.
Era berean, antzera hitz egin du Javier Esparza UPNko presidenteak ere. Oharra kaleratu du EH Bilduk Aberri Eguneko ekitaldia egiteko Iruñea aukeratu izana kritikatzeko eta nahiak nahi ez dutela "Nafarroa eta Euskadi anexionatzea lortuko" esan die, "euskal errepublika sortzeko".
"EH Bilduk eta garai batean Batasuna izandakoaren inguruak Iruñean antolatzen dute behin eta berriz gaurko ospakizuna uste dutelako Nafarroa eurek Euskal Herria deitzen dioten entelekia horren zati dela. Iruñea da ustezko euskal estatu horren perla eta Nafarroarik eta euren historiarik gabe guztia desmuntatu egiten zaie eta ez du zentzurik. Nafarroarik gabe ez dira ezer".
Esparzaren iritziz, gainera, "lotsagarria da EH Bilduk demokrazia aldarrikatzea, ETAko terroristek demokraziarekin amaitu nahi izan eta gero".