Politika -

HEZKUNTZA

Hezkuntza lege berrirako oinarriak sinatu eta urtebetera, zer?

2022ko apirilaren 7an Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza lege berrirako oinarriak izango direnak onartu zituen, % 90,6ren babesarekin. Lege proiektuaren onarpena atzeratu egin da, eta urteurrenarekin bat eginez, EITBk gaiaz galdetu die Vox ez beste talde parlamentario guztietako ordezkariei.

Hezkuntza Legearen zirriborroa onartu zenetik izandako data garrantzitsuenak
Hezkuntza Legearen zirriborroa onartu zenetik izandako data garrantzitsuenak
Urtebete da Legebiltzarrak Hezkuntza legearen oinarriak onartu zituenetik

01:53

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurko egunez, duela urtebete, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege berria izango denaren oinarriei argi berdea eman zien Eusko Legebiltzarrak. Hezkuntza itunak 68 legebiltzarkideren babesa eskuratu zuen (% 90,6), PP+Cs eta Vox ez beste alderdi guztiek babestu baitzuten.

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adostutako akordioak jasotzen du, besteak beste, euskal hezkuntza "euskara ardatz duen sistema eleaniztun" gisa egituratzea, eta eskola publikoaren pisua indartzeko eta segregazioari aurre egiteko neurriak ezartzea.

Zirriborroaren gakoak

"Historiko" gisa definitu zen itun hartatik, ordea, gorabehera asko izan dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legearen aurreproiektua behin eta berriro atzeratu da. Testuinguru horretan, EITBk gaiaz galdetu die Vox ez beste talde parlamentario guztietako ordezkariei.

Atzerapenak atzerapen, EAJko Leixuri Arrizabalagak baikor hitz egin du, eta Eusko Legebiltzarrak legegintzaldi honetan onartuko duen esperantza agertu du. Horren ustez, ez dauka aparteko garrantzirik Gobernu Kontseiluak martxoan edo apirilean onartzea. Behin hori eginda, Legebiltzarreko tramitazioa hasiko da eta taldeek proposamenak egin ahalko dizkiote orduan oinarrizko dokumentuari.

Arrizabalagaren iritziz, oraindik goizegi da Hezkuntza Lege berria izango denak Eusko Legebiltzarrean jaso ditzakeen babesez hitz egiteko, baina hezkuntza ituna sinatu zuten lau alderdien onespena izatea espero du.

Ekain Rico PSE-EEko legebiltzarkideak adierazi du denbora agortzen ari den arren posible dela legegintzaldi honetan onartzea. Gaineratu duenez, 2024-2025 ikasturtean indarrean sartzea da helburua.

Halaber, PSE-EEko ordezkariaren iritzian, lau alderdien arteko adostasunari eutsi nahi diote, eta, ahal bada, adostasun hori handitu.

EH Bilduko Ikotz Arresek espero du lege berria legegintzaldi honetan bertan onartu ahal izatea, hezkuntza komunitatearen eta talde parlamentarioen ekarpenak aintzat hartuta. Arreseren arabera, koalizio abertzaleak lan egingo du testua hezkuntza akordioari ahalik eta leialena izateko.

Bestalde, EH Bilduko legebiltzarkideak posible ikusten du testuak hezkuntza ituna sinatu zuten lau alderdien babesa lortzea.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea, bere aldetik, ezkor mintzatu da, eta salatu du Eusko Jaurlaritza atzerapausoak ematen ari dela eskola publikoa indartu eta segregazioa baztertzeko lanean. Hori guztia dela eta, zaila ikusten du Elkarrekin Podemos-IUk bere babesari eustea.

Hezkuntza ituna ez dela betetzen ari eta sortutako "ilusioa desengainu" bihurtu dela adierazi du Gorrotxategik. Horren aburuz, gaur-gaurkoz, Eusko Jaurlaritzak atzera egin beharko luke egiten ari den gauzetan lege berria hezkuntza sistemarentzat onuragarria izan dadin.

Azkenik, PP+Cs talde parlamentarioak duela urtebete emandako ezezkoa berretsi du Carmelo Barrio legebiltzarkideak. Horren iritziz, bere taldeak iritziz aldatzeko hainbat aldaketa gertatu behar dira: besteak beste, ikasleak eta familiak hezkuntza sistemaren erdigunean jarri beharko lituzke eta familiek ikastetxea eta eredua hautatzeko aukera izan beharko lukete.

Halaber, EH Bilduren tesiak gailentzen ari direla kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika LOMLOE Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Euskal Eskola Publikoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza