Politika -
Dispertsioaren amaiera
Sarek eta Etxeratek presoei "legedi arrunta" aplikatzea eskatu dute, "salbuespenezko legerik gabe"
Joseba Azkarraga Sare herritarren sareko bozeramaileak azpimarratu duenez, autokritika "ez zaio alde bati bakarrik eskatu behar", "guztiok" egin behar dugu.
Agentziak | EITB Media
Sare herritarren sareak eta Etxerat ETAko presoen senideen elkarteak presoei "legedi arrunta" aplikatzea" eta "salbuespenezko legeak desagertzea" eskatu dute.
Joseba Azkarraga (Sare) eta Jose Morales (Etxerat) bozeramaileek Espainiako Gobernuak ETAko presoei ezarritako urruntze politikaren amaiera baloratu dute igande honetan Gasteizen emandako prentsaurreko batean.
35 urteko dispertsioaren ostean "lanak emaitza" eman duela uste dute, eta gogora ekarri dituzte bisitan zihoazela errepidean hildako senideak eta lagunak.
Etorkizunari dagokionez, "presoak, errefuxiatuak eta deportatuak etxera itzultzeko prozesuan eragitea" eskatu dute, "legeak aurreikusten duen ibilbidearekin bat eginez", eta legedi arrunta aplikatzea eta "presoei jartzen dizkieten oztopoak saihestea" eskatu dute.
Era berean, "bigarren graduan egonda baimen asko ukatzea" eta hirugarren graduan 33 preso egotea kritikatu dute, "110 izan beharko liratekeenean". "Graduen atzerakadak izaten ari dira oraindik, eta salbuespenezko legeek indarrean jarraitzen dute", esan dute.
Bestalde, Azkarragaren ustez, autokritika "ez zaio alde bati bakarrik eskatu behar", "guztiok" egin behar dugu.
"Estatu terrorismoak eragindako 5.000 tortura, eskubide urraketa eta heriotza baino gehiago izan direla ahaztu nahi dutenei buruz ari naiz", esan du.
Erreakzioak
Dispertsioaren amaiera mintzagai izan du Fernando Buesa Fundazioak ere, eta sare sozialen bidez adierazi duenez, "bidegabea eta onartezina da hil, bahitu, mindu eta estortsioa egin zutenak modu akritikoan tratatzea", eta aitortu du "gizatasun zantzu, enpatia adierazle, zuzenketa mezu edo damu keinuren bat" ETAko presoetan aurkitzeko irrikitan daudela.
"ETAko presoen gerturatzea aldarrikatzea beti zilegia iruditu zaigu. Baina hil, bahitu, mindu eta estortsioa egin zutenak modu akritikoan tratatzea bidegabea eta onartezina da. Biktimentzat eta euren familientzat ez duzue hitz bat ere izan", deitoratu du Fernando Buesa Fundazioak.