Politika -

Polemika

Jaurlaritzak barkamena eskatu du Azpiazuren ETAri eta euskal ekonomiari buruzko adierazpen polemikoengatik

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak argi utzi nahi izan du Ekonomia sailburuak ez zuela ETAren eragina murriztu nahi izan; PSEko, PPko eta biktimen elkarteetako kideek gogor kritikatu ostean.

Pedro Azpiazu Ekonomia sailburua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
Pedro Azpiazu Ekonomia sailburua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
Pedro Azpiazu Ekonomia sailburua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak aste honetan egindako adierazpenek hautsak harrotu zituzten; izan ere, haren aburuz, ETAren jardunak ez zuen "aparteko eraginik" izan euskal ekonomian, eta "drama pertsonala izan zen, ekonomikoa baino gehiago". Orain, Alderdi Popularrak eta Covite biktimen elkarteak gaitzetsi egin dituzte adierazpenok, eta Eusko Jaurlaritzak barkamena eskatu du.

Polemika baretu asmoz, Jaurlaritzak argitu nahi izan du Pedro Azpiazuk ez zuela ETAren eragina murriztu nahi izan, eta barkamena eskatu du.

Azpiazu berak, bestalde, ostiralean ñabartu nahi izan zuen terrorismoa "elementu negatiboa" izan zela, "argi eta garbi", baina euskal ekonomiak "erresilientzia erakutsi" zuela horren aurrean. Gaur, berriz, bere egin ditu Zupiriaren hitzak, Twitterren adierazi duenez.

Iñigo Urkullu lehendakariak ukatu egin du Azpiazuk terrorismoak euskal ekonomian duen eragina "murriztu" izana, eta berretsi egin du bere gobernuaren konpromisoa eta "gizon eta emakume enpresariek, goi-zuzendariek, exekutiboek eta profesional sozio-ekonomikoek pairatutako sufrimenduaren" aitortza.

Kritikak, sektore desberdinetatik

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak gogor kritikatu ditu Azpiazuren adierazpenak, eta bere "memoria hauskorra" aurpegiratu dio.

Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidenteak, bestalde, gogorarazi dio "ehunka enpresaburu" joan behar izan zirela Euskaditik ETAren mehatxuengatik eta estortsioagatik, eta "beste askori ez ziela maletak egiteko denborarik eman, etakideek garondoan tiro egin zietelako".

Covite terrorismoaren biktimen elkarteak "faltsutzat eta lotsagabetzat" jo ditu sailburuaren adierazpenak, eta "zuzentzeko" eskatu dio.

Erreakzio kate horren ostean iritsi da Eusko Jaurlaritzaren barkamena, Bingen Zupiria sailburuaren ahotan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza albisteak ETA gaur PP Bizkaia Denis Itxaso Gaurko titularrak Eguneko albisteak Terrorismoaren Biktimak