Politika -

Pentsioak

Macronek herritarren "haserre legitimoa" ulertzen du, baina erreforma "beharrezkoa" dela azpimarratu du

Frantziako presidenteak TF1 eta France 2ri egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, ez ditu aldaketa horiek egin "plazeragatik". Oposizioak eta sindikatuek Macronen argudioak kritikatu dituzte, "harroputza" izatea eta ustezko kontra proposamenen faltaren inguruan gezurra esatea egotzita.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea Pariseko taberna bateko telebistan. Argazkia: EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidentea Pariseko taberna bateko telebistan.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea Pariseko taberna bateko telebistan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak sutsuki defendatu du pentsioen erreforma, nahiz eta milaka pertsona atera Frantziako Estatu osoko kaleetara eta bere Gobernuaren aurkako zentsura-mozioak eragin. "Beharrezkoa" den lege bat dela azpimarratu du buruzagiak, eta, aplikatzean, aurten bertan, ziurrenik, "herrialdearen interes orokorrean" pentsatzen duela.

Macronek hautsi egin du iragan ostiralean Gobernuak erreforma polemikoa onartu zuenetik mantendu duen isiltasuna. Astelehenean oposizioak aurrekaririk gabeko babesa jaso zuen bi zentsura mozioetan.

Testuak erretiro-adina 62 urtetik 64ra igotzea eta gutxieneko kotizazio-aldia luzatzea planteatzen du. Macronek TF1 eta France 2ri egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, aldaketa horiek ez ditu "plazeragatik" egin, pentsioen sistemaren jasangarritasuna bermatzeko baizik: "Nahiago nuke ez egin".

"Nahiago nuke ez egin"

Presidenteak azaldu duenez, Frantziak hamar milioi pentsiodun baino ez zituen bera lan-merkatuan sartu zenean, eta 2030eko hamarkadarako "20 milioi izango ditu".

Eliseora iritsi zenetik hartutako beste neurri ekonomiko batzuk defendatu ditu Macronek (esaterako, gutxieneko soldataren igoera), eta oposizio politikoaren papera zalantzan jarri du; izan ere, bere proposamenen artean "formula magiko" bat ezkutatzea leporatu dio, defizita izango litzatekeena eta etorkizuneko belaunaldiak hipotekatzea ekarriko lukeena, gaur aldaketarik ez egitearen kontura.

Kontrara, enpresek ezohiko mozkinetatik abiatuta "aparteko ekarpena" egitea proposatu du, horrela, konpainia handiek euren irabaziei esker beren "akzioak berrerostetik beharginen artean gehiago banatzera" pasa daitezen.

Frantziako presidenteak Elisabeth Borne lehen ministroarengan duen konfiantza berretsi du. "Nire konfiantza osoa du gobernu-talde hau gidatzeko eta legealdiko programa eraikitzeko", adierazi du.

Agintari frantziarrak begirunea azaldu die pentsioen erreformaren aurkako manifestazio sindikalei, baina kale indarkeria eta jardueraren blokeoa ez dituela onartuko ziurtatu du, eta AEBn Kapitolioari edo Brasilgo Parlamentuari egindako erasoak gogorarazi ditu.

Gutxienez 46 pertsona atxilotu dituzte Parisen, Poliziaren eta manifestarien arteko liskar gogorretan
Gutxienez 46 pertsona atxilotu dituzte Parisen, Poliziaren eta manifestarien arteko liskar gogorretan
Gutxienez 46 pertsona atxilotu dituzte Parisen, Poliziaren eta manifestarien arteko liskar gogorretan

0:42

Oposizioak eta sindikatuek gezurretan aritzea leporatu diote Macroni

Bestalde, Frantziako oposizio politikoko buruzagiek eta sindikatu nagusietako ordezkariek presidenteak azaldutako argudioak kritikatu dituzte, "harroputza" izatea eta ustezko kontra proposamen faltari buruz gezurra esatea egotzita.

Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko (LFI) presidentegai ohiarentzat, Macronek "ohiko mespretxuak" egin dizkie bere neurriekin bat egiten ez dutenei, eta orain proposatzen duen egitasmoa, enpresa handiek ezohiko irabaziei esker akzioak berrerostea saihesteko, bere alderdiak otsailean proposatu zuela eta presidentearen alderdikideek aurka bozkatu zutela esan du, BFMTVren arabera.

Bestalde, Olivier Faure Alderdi Sozialistako idazkari nagusiak uste du Macronek ez dituela "frantziarrak ulertzen" eta "herri adierazpenaren zilegitasuna" ez duela aitortzen, urtarriletik hona izan diren eta azken egunetan gogortu diren mobilizazioei erreferentzia eginez.

"Proposamen alternatiboak baliozkotzat jotzen ditu soilik harekin ados badaude", adierazi du Philippe Martinez CGT sindikatuko idazkari nagusiak, Franceinfok jakinarazi duenez.

Era berean, Laurent Berger CFDTko buruzagiak egindako kritikaren arabera, bere sindikatuak "pentsioen erreformarako proiektu bat du". Horren harira, Macroni "historia berridazten" saiatzea leporatu dio Twitterren, lege "bidegabea" onartzeko gehiengo nahikorik ez duela "ezkutatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iparraldea Grebak Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Sindikatuak Pentsioak Frantziako Gobernua