Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
AHTa Frantziarekin lotzeko afera "mahai gainean" duela erantzun dio Macronek lehendakariari
Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Urkulluk gutuna bidali zien Pedro Sanchez eta Emmanuel Macron Espainiako eta Frantziako buruzagiei Akizeko loturaren lanak atzeratu direla eta. "Konpromiso zehatzik ez, baina gaia aztertu beharra dagoela erantzun dio Macronek".
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Macronen gobernuak AHTa Akizera (Frantzia) heltzeko data 2030etik 2042ra atzeratu izanak kezka sortu du EAEn eta Arku Atlantikoa osatzen duten beste hiru autonomia erkidegoen artean, eta hori dela eta, gutuna bidali zien Iñigo Urkullu lehendakariak Pedro Sanchez eta Emmanuel Macron Espainiako eta Frantziako buruzagiei. Bada, azken horrek erantzun duela jakinarazi du gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean.
"Faktoria" saioan egindako adierazpenetan, Zupiriak argitu du Macronek ez duela lan horiek bizkortzeko "konpromiso zehatzik hartu" baina erantsi omen du "gaia mahai gainean dagoela eta aztertu beharko dela". Sanchezek, aldiz, konpromisoa agertu ei du.
Zupiriak gogorarazi duenez, ardatz atlantikoa Frantziarekin, eta horrenbestez, Europarekin, lotzeko "kezka" aspaldikoa da, "Ardanza lehendakariaren garaikoa", eta "32 urte geroago, ikusten dugu arriskua badagoela arku atlantikoa atzenduta geratzeko". Bozeramailearen iritzian, datorren seihilekoan Espainiak Europako Presidentetza izateak ematen du "egokiera bat" eskari hori aztertzeko eta bultzatzeko.
Bestalde, Jaurlaritzan goi kargua izan ondoren sektore pribatura igaro diren pertsonen kasuek eragin duten polemikaz galdetuta, Zupiriak esan du Eusko Legebiltzarrak berak duela zortzi urte onartutako lege baten arabera kudeatzen direla halakoak, eta eurei legea betetzea dagokiela.
Dena dela, bere kasuaz hitz eginda, argitu du berak ez duela "nora joan" kargu publikoa uztean, eta argi duela norbait mesede egin badio, ezin dela enpresa horretara joan, baina honakoa nabarmendu du: "Garbitasun batekin egin badira gauzak, eta horretara dauzkagu berme juridikoak, niri ezin didate eragotzi, lanpostua uzten dudanean, jardun pribatu batera joatea. Legeak ez dit hori eragozten. Ez dakit zergatik ikusarazi nahi den legeak onartzen ez dituen gauza batzuk egiten ari garela".