Politika -
'Now, 2030'
Urkulluk proposamen bat igorriko die NBEri eta EBri, garapen jasangarriaren helburuak lortzen laguntzeko
Lehendakariak 'Agenda 2030 Euskadi' Foroak Miñaon (Araba) egindako bileran aurkeztu du dokumentua. Besteak beste, proposamenak "estatukoak ez diren" gobernuek prozesu horretan duten zeregina bultzatzea proposatzen du.
Agentziak | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak 'Now, 2030' proposamena aurkeztu du gaur. Dokumentu hori Nazio Batuen Erakundera (NBE) eta Europar Batasunera bidaliko du, Garapen Iraunkorreko Helburuak betetzen laguntzeko, alor horretan emandako aurrerapauso "eskasak" ikusita. Besteak beste, proposamenak "estatukoak ez diren" gobernuek prozesu horretan duten zeregina bultzatzea proposatzen du.
'Agenda 2030 Euskadi' Foroak gaur Miñaon (Araba) egindako bilera batean aurkeztu du dokumentu hori Urkulluk. Bertan, erakundeak, unibertsitateak, gizarte zibileko ordezkariak eta beste eragile publiko eta pribatu batzuek parte hartzen dute.
Lehendakariak foro horren aurrean aurkeztutako 'Now, 2030' proposamena Nazio Batuei bidaliko zaie, 2023ko irailerako aurreikusita dagoen Garapen Iraunkorreko Helburuen goi-bileraren testuinguruan, bai eta EBko erakundeei eta Garapen Iraunkorreko Helburuen sustapenean inplikatuta dauden nazioarteko sare eta erakundeei ere.
Proposamen horren helburuen artean dago, "pixkanaka eta etengabe", 2030 Agendaren helburuen balantzea hobetzea, "itxaroterik ez dagoelako".
Gainera, Nazio Batuetan 2023ko irailerako aurreikusita dagoen Garapen Iraunkorreko Helburuen goi-bilera dela eta, 2015ean 2030 Agenda sinatu zuten erakundeen gainean "exigentzia maila igotzeko" beharra planteatzen da.
Era berean, "Garapen Iraunkorreko Helburuen garapen eta betetze maila eskasaren" aurrean azterketa kritiko eta autokritikoan oinarritutako aitorpen instituzional eta internazionala sustatzearen aldeko apustua egiten da.
Proposamen honen bidez, halaber, 2030era arte Garapen Iraunkorreko Helburuen garapena eta betetzea bultzatzeko "erantzun global eta lokala" pizten lagundu nahi da.
Bestalde, agiriak azpimarratzen du komenigarria dela "tokiko, eskualdeko eta estatukoak ez diren gobernuek Garapen Iraunkorreko Helburuen ezarpenean duten zeregina bultzatzea".