Politika -
SENTENTZIA
Arabako Lurralde Auzitegiak jaso du jada De Miguel auziko epaia
Auzipetuen defentsei jakinarazten ari dira autoa. Prozesu hori amaitutakoan hasiko omen dira zigorrak betearazten. Ez dago helegitea jartzeko aukerarik.
EITB MEDIA
De Miguel auziko zigorrak betearazteko protokoloa abian jartzeko azken urrats bat falta zen: Auzitegi Gorenak autoa Arabako Lurralde Auzitegiaren esku uztea. Gaur egin du hori, eta, beraz, orain zigortutakoen defentsei epaiaren nondik norakoak jakinaraziko zaizkie. Aldeek ere gaur jaso dute autoaren komunikazio ofiziala.
Urtarrilaren hasieran kaleratu zuen Gorenak De Miguel auziaren epai irmoa, eta Arabako auzitegiari dagokio bi urte baino gehiagoko kondena jaso dutenak kartzelatzeko agindua ematea. Egoera horretan daude ustelkeria sareko buruzagitzat jo zituzten EAJren ABBko hiru kide ohi —Alfredo de Miguel, Koldo Ochandiano eta Aitor Telleria—. Hurrenez hurren, eroskeria, dirua zuritzea eta prebarikazioa egotzita, honako zigorrak ezarri zizkieten hirurei: 12 urte eta 4 hilabetekoa, 7 urte eta 6 hilabetekoa eta 5 urte eta hilabete batekoa. Xabier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Saileko zuzendari izandakoak, bestalde, 7 urte eta hilabeteko zigorra bete beharko du.
Izapide horrek hasiera emango dio Eusko Jaurlaritzak De Miguel bera kaleratzeari. Gobernuaren iturrien arabera, Jaurlaritzak "dena prest" du kaleratzea gauzatzeko, autoa jaso ostean.
Auzitegi Gorenaren epaia irmoa da, eta, beraz, ezin da errekurtsorik jarri. Hala ere, zigortuen defentsek indultua eska lezakete oraindik, edo bezeroak kartzelan ez sartzea. Nolanahi ere, Arabako Auzitegiak epe laburrean ebatziko luke eskaera.