Politika -

Diputatuen Kongresua

EH Bilduk eta ERCk Mozal legearen erreforma baztertu dute eta bere horretan jarraituko du indarrean

EH Bilduko eta ERCko bozeramaileen esanetan, bi alderdi hauek ezin dute "desobedientzia eta errespetu faltak zigortu eta gomazko pilotak eta migranteen itzulketa azkarrak onartzen dituen lege bat babestu".

Jon Inarritu EH Bilduren bozeramailea Diputatuen Kongresuko Barne Gaietarako Batzordean. EFE
Jon Inarritu EH Bilduren bozeramailea Diputatuen Kongresuko Barne Gaietarako Batzordean. EFE
Mozal legearen erreforma bertan behera geratu da, ERCk eta EH Bilduk kontra bozkatu ostean

1:18

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herritarren Segurtasunerako Legea edo Mozal Legea deritzonak bere horretan jarraituko du indarrean, koma bakar bat ere aldatu gabe, Diputatuen Kongresuko Barne Gaietarako Batzordean gaur goizean egin den bozketan ez duelako babes nahikorik lortu horretarako. PSOE, Unidas Podemos eta EAJren aldeko botoak ez dira nahikoak izan, gainerako guztiek, ERCk eta EH Bilduk barne, kontrako botoa eman dutelako. 

Aipatu bezala, ezezkoak nagusitu dira baiezkoen aurrean boto bakarraren aldearekin. Izan ere, PPk, Voxek, Ciudadanosek, ERCk, Juntsek, UPNk (talde mistoa) eta EH Bilduk 19 boto zenbatu dituzte, eta PSOEk, Unidas Podemosek eta EAJk, 18.

Koalizio gobernuak ez du akordioa lortu inbestidura ahalbidetu zuten bazkide guztiekin. Bereziki, lau puntutan izan dituzte desadostasunak: gomazko balen edota piloten erabilera, migranteen itzulketa azkarrak, desobedientzia delitua eta autoritatear iegindako errespetu faltak.

Gabriel Rufian, ERCk Mozal Legeari emandako ezezkoari buruz: ''Guk emandako hitza betetzeko mania dugu''
Gabriel Rufian, ERCk Mozal Legeari emandako ezezkoari buruz: ''Guk emandako hitza betetzeko mania dugu''
Gabriel Rufian, ERCk Mozal Legeari emandako ezezkoari buruz: ''Guk emandako hitza betetzeko mania dugu''

1:38

Euskal Herria Bilduk eta Esquerra Republicanak gaur goizean iragarri dute Herritarren Segurtasunerako Legearen erreformaren aurka bozkatuko zutela. Legea atzera botatzeko konpromisoa duela urte batzuk hartu zutela oroitu dute, eta erreformarako proposamena konpromiso horretatik oso urrun dagoela irizten diote bi alderdiek: "makillatu egingo du".

"Arau honek desobedientziagatik eta autoritateari errespetu falta erakusteagatik isunak jasotzen ditu, gomazko balen edota piloten erabilera baimentzen du eta migranteak berotan kanporatzea aurreikusten du. Ezin dugu hori onartu", gehitu dute.

Inarrituren hitzetan, EH Bildu "ez da izango Mozal lege light bat onartzearen arduradun edo konplize". Maria Dantasek gaineratu duenez, aurkeztutako proposamen honek "Poliziaren segurtasuna bermatzen du, herritarrena bermatu beharrean, Poliziari gizarte osoaren eskubideak inolako zigorrik jaso gabe zapaltzen jarraitzeko aukera ematen diolako".

Jon Iñarrituk aitortu du ''egun tristea'' dela gaurkoa, Mozal Legeari buruzko akordiorik lortu ez dutelako
Jon Iñarrituk aitortu du ''egun tristea'' dela gaurkoa, Mozal Legeari buruzko akordiorik lortu ez dutelako
Jon Iñarrituk aitortu du ''egun tristea'' dela gaurkoa, Mozal Legeari buruzko akordiorik lortu ez dutelako

0:58

Erreformaren bultzatzaile izan den EAJren arabera, indarrean dagoen legearen erdia baino gehiago hobetzeko aukera galdu da. Bere aldetik, Aitor Estebanek dei egin die isunak jarriko dizkieten pertsonei bi alderdi independentistei "kontuak eskatzeko". "Aurrerapen nabarmenak lortu ditugu; eta ez dituzte onartu 'dena edo ezer ez' defendatzen duten bi alderdiren erruz: EH Bildu eta ERC. Macarena Olonak (Voxeko diputatu ohia) goratu egin ditu", gaineratu du.

Patxi Lopez PSOEren Kongresuko bozeramaileak, berriz, ERCri eta EH Bilduri aurpegiratu die "aitzakiak" eta "gezurrak" esatea erreforma ez babesteko: "Agian bateren batek ez zuen Espainiako Poliziarekin zerikusia duen legerik onartu nahi".

Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramaileak ERCri eta EH Bilduri egotzi die Mozal Legeak indarrean jarraitzearen erantzukizuna, eta koalizioko alderdiek, PSOEk eta Podemosek, "konpromisoa" bete dutela nabarmendu du, EAJk legea indargabetzeko aurkeztu zuen ekimena babestu dutelako. "Legea indarrean badago, EAJren ekimen hori babestu ez duten taldeak egon direlako da, besteak beste, ERC eta Bildu", adierazi du.

Bestalde, Cuca Gamarra PPk Kongresuan duen bozeramaileak pozik hartu du Espainiako Gobernuak erreformarako beharrezko babesa lortu ez izana, eta "patetikotzat" jo du PSOEren jarrera. Behe Ganberan emandako prentsaurreko batean, Gamarrak salatu du "kontrarreforma" horren helburua "Estatua ahultzea" zela, segurtasun indarrei "edozein mehatxuri" aurre egiteko "tresnak" kenduz.

Pablo Echenique Unidas Podemosek Kongresuan duen bozeramaileak PSOEri egotzi dio erreforma bertan behera uztearen errua. Borondate politiko falta aurpegiratu die sozialistei, eta erantzukizuna kendu die ERCri eta EH Bilduri.

Amnistia Internazionala, No Somos Delito edo Greenpeace bezalako gizarte eragileek legea erreformatzeko "galdutako aukera" deitoratu dute, eta "giza eskubideentzat albiste txarra" dela uste dute.

Aitzitik, poliziaren sindikatu nagusiak eta guardia zibilen elkarteak pozik agertu dira erreformak porrot egin duelako. "Berri zoragarria herritar eta polizia guztientzat", adierazi du Aaron Rivero Jupol sindikatuko idazkari nagusiak Twitterren. Pozik agertu da, halaber, Jucil Guardia Zibileko elkartea: "Erabaki zuhurra eta egokia da, gure esku-hartzeen eraginkortasunean ondorio larriak izango lituzketen artikuluak erreformatzea eta indargabetzea saihesten duena, baita kaleetan bakea eta agenteen osotasun fisikoa arriskuan jarriko lituzkeena ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika Espainiako Gobernua bideoak EH Bildu Bizkaia Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Kataluniako Ezker Errepublikanoaren albisteak