Politika -

NAFARROA

Trafikoaren eskumena Nafarroaren esku geratuko da uztailaren 1etik aurrera

Espainiako Gobernuarekin aurreakordioa itxi dutela iragarri du Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak. Horren hitzetan, eskualdatzea "urrats historikoa" da Foru Erkidegoarentzat.

Maria Chivite, joan den otsailean, Foruzaingoaren Eguneko ekitaldian. Argazkia: EFE
Maria Chivite, joan den otsailean, Foruzaingoaren Eguneko ekitaldian
Maria Chivitek iragarri du Trafikoaren eskumena Nafarroaren esku geratuko dela uztailaren 1etik aurrera

1:36

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Trafikoaren eskumena Nafarroaren esku geratuko da uztailaren 1etik aurrera, Espainiako Gobernuarekin aurreakordioa lortu ondoren. Hala jakinarazi du Maria Chivite Nafarroako presidenteak, Foru Parlamentuko osoko bilkurara sartu aurretik hedabideei egindako adierazpenetan. "Nafarroarentzat egun handia da", esan du.

Buruzagi sozialistaren arabera,  Nafarroako Foru Erkidegoaren "aldarri historiko bat" gauzatuko da lau hilabete barru, eta, beraz, "urrats historikoa" izango da eskualdatze hau. "Miguel Sanz presidentetik hasi eta Uxue Barcoseraino", zehaztu du,  "gobernu guztiek aldarrikatu dugun eskumena da". "Beti defendatu izan dugu transferentzia hau berreskuratu behar genuela eta zerbitzu hau esklusiboki Erkidegotik eman behar zela", erantsi du.

Era berean, "autogobernuaren eta Lorafna legearen garapenean egun handia" dela ere adierazi du, betiere "Konstituzioaren barruan". Foru presidentearen hitzetan, "azken 25 urteotan autogobernuan gehien aurreratu den legealdia da" amaitzear dena. Nafarroak beste bi eskumen ere bereganatu ditu legealdi honetan, espetxeetako osasunarena eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarena. 

Datorren asteko astearterako Transferentzien Batzordeko Nafarroako ordezkarien bilera deitu dutela aurreratu du Chivitek, eta hor zehaztuko omen dute Espainiako Gobernuarekin akordioa izenpetzeko data. Orduan ezagutuko dira xehetasunak.

Trafikoaren eskumena bere gain hartzeko, egun dituenak baino 149 agente gehiago beharko ditu Foruzaingoak, eta, beteak beste, Nafarroan aritzen diren Guardia Zibileko agenteek Foruzaingora igarotzeko pasabidea izango dute, hala nahi izatera. 

Orain gutxi Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Trafikoaren eskumena lortzea legealdiari "amaiera biribila" ematea litzatekeela esan zuen Chivitek.

Erreakzioak

Oro har, ñabardurekin bada ere, albistea txalotu egin dute Foru Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi gehienek. PP eta Ciudadanos izan dira erabat kontra agertu direnak, eta UPNk eskualdatzea ontzat eman bai, baina "formak" kritikatu ditu.

Chiviteren ildotik, Ramon Alzorriz PSNko kideak esan du "nafar guztientzako egun handia" dela gaurkoa, eta oraingo eta aurreko gobernuen lana ekarri du gogora. "Elkarrizketa dagoenean, akordioak iristen dira. Bi gobernu sozialistek Nafarroaren autogobernua hobetzea lortu dute", azaldu du.

Uxue Barcos Geroa Baiko eleduna izan da balorazioa egiten lehena. Horren hitzetan, "albiste oso ona" da Trafikoaren eskumena Nafarroaren esku geratzea, eta "legealdi honetan" egindako lanaren ondorio ez ezik, aurreko "legealdian hartutako konpromisoen" emaitza ere badela ziurtatu du. Akordioaren xehetasunak ezagutu zain geratu da, balorazio sakonagoa egiteko.

Bide beretik mintzatu da Laura Aznal EH Bilduko bozeramailea, eta horrek ere "EH Bilduk egindako" lanaren ondoriotzat jo du, hein handi batean, "lortutako akordioa". Barkos bezala, letra txikiaren zain geratu da, adostutakoa zehatz aztertzeko.

Nafarroako Ahal Duguko Mikel Builek, berriz, akordioa "ezkerreko gobernu koalizio" baten eskutik iritsi dela azpimarratu du. Horren hitzetan, zerbitzu publiko hobeak jasoko dituzte nafarrek eskualdatze honekin.

Izquierda Ezkerrako Maria Luisa de Simonek, bere aldetik, Parlamentua zoriondu du, eta "eskumena bizkor egikaritzea" espero duela gehitu du.

Javier Esparza Navarra Sumako ordezkariak, berriz, eskualdatzea berri ona dela esan bai, baina "formak" kritikatu ditu. "PSOEren eta EH Bilduren arteko salerosketa" ikusten du atzean.

Azkenik, PP eta Ciudadanos izan dira akordioaren kontra agertu direnak.

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua