Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Itxaso Atutxa: "Arriskutsua da esatea Osakidetza desegiten ari dela, datu bakar bat ere eman gabe"

Osakidetza desegiten eta pribatizatzen ari denik ukatu du Itxaso Atutxa Bizkaiko EAJko presidenteak. Itxaron-zerrendak luzeak direla aitortu du, baina "Estatuko laburrenak" direla gaineratu du.

Itxaso Atutxa, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media
Itxaso Atutxa, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media
Itxaso Atutxa, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media

L.P.C. | T.S.J.B. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzaren "hondatzea" salatzeko larubat honetan EAEko hiriburutan izandako manifestazio jendetsuenen ostean, Itxaso Atutxa Bizkaiko EAJko presidenteak ukatu egin du Osakidetzaren desegitea eta pribatizazioa. Radio Euskadiko "Crónica de Euskadi Fin de Semana" irratsaiori egindako adierazpenetan, Atutxak borroka politikoa ekiditeko eskatu du, eta hitzak ondo aukeratzeko eskatu die sindikatuei. "Ez dago lan-prekarietaterik, mediku falta baizik", gaineratu du.

Itxaron-zerrendak luzeak direla aitortu du Atutxak. "Batzuetan gure osasun zentrora deituta, ez digute telefonoa hartzen, baina Estatuko itxaron-zerrendarik laburrenak" ditugula gaineratu du.

Bestalde, Gernikako Estatutuaren balizko erreformaren inguruan, Bizkaiko EAJko buruak esan du ez duela Madrilen eta Espainian "egoera politiko behar bezain lasairik" ikusten, baina "egunen batean Kongresura iristea" espero duela. "Hori zailtzen duen bi bloke handien arteko talka dago", adierazi du. Beraz, "igerilekuan ur pixka bat egon arte itxaron behar dugu, egun minimoen azpitik baitago", ondorioztatu du.  

Ines Arrimadas Ciudadanoseko diputatuak euskal kupo eta kontzertu ekonomikoari buruz esandakoaren harira, "interpretazio erabat bidegabea" dela uste du Atutxak. Euskal fiskalitateak "ez ditu pribilegiorik ekartzen: bi aldeen arteko ituna da, baina arriskua aldebakarrekoa da, euskal gizartearena, alegia".

Bukatzeko, EAJren buruzagiak "erantzunkidetasuna" eskatu die enpresei, banketxeei eta gizarteari, eta bereziki Kutxabank bezalako erakundeei, mozkin handiak iragarri berri dituelako, banketxeei ezarritako zergaren aurkako helegitea aurkeztu ostean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna plantilla Politika Osakidetza EAJ-PNV Bizkaia Eusko Jaurlaritza albisteak Eguneko albisteak Albisteak