Politika -
''Parlamento en las Ondas''
Osakidetzako sindikatuekin "hitz egiteko" eskatu diote EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk Jaurlaritzari
Osakidetzaren alde gaurko deitutako manifestazioen aurrean, "osasun publikoaren langileei bizkarra ez emateko" aldarrikatu dute alderdiek. EAJk, berriz, azpimarratu du "inoiz izandako aurrekonturik handiena" duela Osakidetzak.
T.S.J.B. | EITB MEDIA
Osakidetza defendatzeko eta osasun publikoa desegitearen aurka SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek gaurko hiru euskal hiriburutan deitutako manifestazioen inguruan mintzatu dira Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" irratsaioan izandako eztabaida politikoan.
Sindikatuek egindako deialdiari "errespetua" diotela esan du Leixuri Arrizabalaga EAJko legebiltzarkideak, eta "bizi izan ditugun une zailak" gogoratu ditu. "Arazoak egon badaude, ez dugu inoiz ezkutatu, baina ez daude ez murrizketarik ezta aurrekaririk gabeko krisirik", adierazi du. "Egunero lanean gabiltza, baliabide pertsonalekin eta ekonomikoekin, eta inoiz izandako aurrekonturik handiena du egun Osakidetzak", azpimarratu du. Langile faltari aurre egiteko, "beste autonomia erkidegoekin eta Estatuarekin" elkarlanean aritzeko deitu du.
Bestalde, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak gaurko mobilizazioak babestu ditu, eta deialdiaren "aniztasun politikoa" txalotu du. "Osakidetzak dituen arazoak aitortu behar dugu, eta konpondu", esan du eta, arazo horien artean, itxaron-zerrendak aipatu ditu. "Lehentasunezko 10 espezialitatetan 6 aldiz biderkatu da legeak ezartzen duen itxaronaldia. 100.000 pertsona daude itxaron-zerrendetan, gizartea horretaz jakitun da, eta ez da Gobernuaren aurkako kanpaina bat", adierazi du. "Osakidetza ez da desegiten ari, baina kalitatea galtzen ari da unetik unera", ondorioztatu du.
Ekain Rico PSEko legebiltzarkideak "errespetua" eskatu du gaur manifestatuko direnentzat, eta osasun publikoan lanpostuak egonkortuko dituzten Lan Eskaintza Publikoak aipatu ditu "jarraitu beharreko bide" gisa. Gainera, "sindikatuekin eta osasun langileekin hitz egiteko" eskatu dio Jaurlaritzari.
Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak ere babesa eskaini die mobilizazioen antolatzaileei, eta "osasun publikoan ordezkatuta dauden sindikatuekin eztabaidatzeko" exijitu dio Gasteizko Exekutiboari. "Ezin dira ukatu osasun sistemaren zailtasunak eta desegitea", esan du. Haren ustez, Osakidetzaren "pribatizazioa" egon badago, "osasun pribatuaren mesederako".
Azkenik, Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak "eztabaidarako eta lanarako" deia egin du. "Sindikatuek elkarren ondoan egin behar dute lan erakundeekin, horietako askori borroka baino ez zaielako interesatzen". Barrioren iritziz, osasun sistema "ez dago arriskuan; hobetzeko gauzak ditu, baina ez du arazo estrukturalik".