Politika -
Memoria demokratikoaren legea
Iruñeko emakume batek kereila bat aurkeztu du frankismoan jasandako torturengatik
Maria Concepcion Edoren salaketarekin batera, beste hiru kereila aurkeztu dituzte beste epaitegi batzuetan gizateriaren aurkako krimenengatik, Argentinako Kereilari Laguntzeko Estatuko Koordinakundeak azaldu duenez.
Agentziak | EITB Media
Argentinako Kereilari Laguntzeko Estatuko Koordinakundeak (CEAQUA) frankismo garaiko segurtasun indarreko agenteen aurka aurkeztutako lau kereilaren berri eman du. Kereila horien artean dago Maria Concepcion Edo Gilena; Iruñeko epaitegietan aurkeztu du. Torturak jaso zituen 1973an sindikatu bateko panfletoak banatzeagatik atxilotu zutenean.
Jacinto Lara CEAQUAko talde juridikoko kideak ekintza penalak abiatzea erabaki duten pertsonen "balioa eta ausardia" nabarmendu du, "zigorgabetasun esparru batean" 1978an Konstituzioa onartu zenetik. Deitoratu du hamarkadetan Estatuak uko egin diola krimen horiek epaitzeari, eta memoria demokratikoaren lege berriarekin delitu horiek ikertzeko aukera bat irekitzen dela gaineratu du.
Lehenago, beste 80 kereila ez ziren onartu, amnistiaren legean babestuta. Lararen arabera, orain garai egokia da kereila kriminal horiek bultzatzeko. Gogorarazi duenez, memoria demokratikoaren legea onartzean, talde parlamentarioek "zigorgabetasun esparruari amaiera ematen zitzaiola" adierazi zuten. "Ea betetzen den", esan du.
Bestalde, Daniel Canales Amnesty Internationaleko bozeramaileak azaldu du espero duela kereila berri horiek aukera bat izatea errepresaliatuei nazioarteko zuzenbidearen araberako erantzuna emateko, nahiz eta, amnistiaren legearen ondorioz, ohikoa ez izan.
"Amnistiak bateraezinak dira tortura ekintzak aztertzearekin", esan du, eta gaineratu du "hamarkadetako horma hori bota behar dela, mina ez baita isiltasunez eta ahanzturaz sendatzen, justiziaz baizik".
Iruñeko epaitegietan aurkeztutako kereilari dagokionez, Maria Concepcion Edok gogorarazi du torturak eta tratu iraingarria jasan zituela 1973ko ekainean, 19 urterekin, Telefonicaren eraikinetik sindikatu baten panfletoak jaurti ondoren.
Azaldu duenez, etxera itzultzean jendea zegoela ikusi zuen, eta bat-batean bere burua eskaileretan behera ikusi zuen. Polizia etxean zegoela, medikuek ez zuten artatu, eta agenteek "zorra, guarra eta puta" deitu zioten. Hainbat agenteren artean jo zuten, "burutik oinetara", batez ere sabelean.
Bizi guztirako markatuta irten zen, umetokia lekuz aldatuta, hainbat orno mugituta eta lesio kronikoekin. Ospitalean hilabete eman ondoren, poliartrosia diagnostikatu zioten, kolpeen ondorioz. Espetxeetako baldintza txarrak ere gogorarazi ditu.
Edok kereila aurkeztea erabaki du, gertatutakoa jakitera emateko. "Hainbeste presok pairatutakoa ikertzea" beharrezkoa dela iritzita, errepresaliatutako emakume eta gizonei bat egiteko deia egin die. "Hondar ale txiki bat izatea espero dut, torturatu zutenak epai ditzaten", adierazi du. Bere kereilak Jose Blanco Martin eta Jose Bernardo Barba Martin agenteen izenak jasotzen ditu.
Gainera, beste hiru kereila aurkeztu dira Espainiako beste epaigetietan, eta horietako batean Jose Manuel Villarejo komisarioa agertzen da.