Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Aburtok ukatu egin du Kale Nagusia oinezkoentzat jartzeko proiektua gelditu duela

Bilboko alkateak esan du "barneko lanean" ari direla proiektua hobetzeko. Bestalde, arduraz jokatzeko eskatu die turismoari lotutako eragileei Tourraren iritsierarekin lotuta.

Juan Maria Aburto Bilboko alkatea. Argazkia: EITB
Juan Maria Aburto Bilboko alkatea. Argazkia: EITB
Juan Maria Aburto Bilboko alkatea. Argazkia: EITB

play icon 23:51

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Maria Aburto Bilboko alkateak ukatu egin du Kale Nagusia oinezkoentzat jartzeko proiektua geldiarazi duela, eta esan du "kontrakoa" egiten ari dela, "alkateak nahi duena oinezkoek leku gehiago izatea" dela. 

Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan egin dioten elkarrizketan, Aburtok ukatu egin du Nora Abete PSE-EEko zinegotziak adierazitakoa, hau da, proiektua gelditu izana. Alkateak azaldu du mahai gainean zegoen proiektuarekin oinezkoek ez zutela espazioa irabazten.

Hori dela eta, barneko lana egiten jarraituko omen dute, "lasaitasunez", "oinezkoentzako eremu gehiago edukitzeko helburuarekin".

Sozialistek kontu horretan izan duten jarrerak PSE-EErekiko harremana zikintzen ote duen galdetuta, erantzun du gobernu ituna "sendo" dagoela, eta harremana "ona" dela, "zalantzarik gabe".

Frantziako Tourra

Frantziako Tourraren irteera dela eta, aitortu du arazoak sortuko dizkiela herritarrei, baina "beharrezkoak" izango direla, "bilbotarrok harro egon gaitezen Bilbo milioika pantailatan agertzeagatik".

Hotelak eta etxebizitza turistikoak prestatzen ari dira egun horietan Bilbora iritsiko diren bisitariak hartzeko, eta horietako batzuek nabarmen igo dituzte prezioak egun horietarako. Horren aurrean, alkateak "ardura" eskatu die "inplikatutako eragile guztiei": "Epe luzera begira jokatu behar dugu. Hobe da etortzen denak esperientzia ona izatea, berriro etor dadin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantziako Tourra Politika EAJ-PNV Bilbo Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa PSE-EE Juan Maria Aburto Eguneko albisteak Albisteak