Politika -
MAIATZEKO HAUTESKUNDEAK
Podemos Euskadi, Ezker Anitza IU eta Aliantza Berdea koalizioan aurkeztuko dira maiatzeko hauteskundeetara
"Euskal ezkerraren zerrenda bateratu" gisa aurkeztu dute euren burua. "Gizarte bidezkoagoa, feministagoa eta ekologistagoa lortzeko irtenbide" izan nahi dute.
EITB MEDIA
Podemos Euskadi, Ezker Anitza IU eta Aliantza Berdea alderdiak koalizioan aurkeztuko dira maiatzean egingo diren udal eta foru hauteskundeetara EAEn. "Aniztasunetik abiatuta" eta "momentuak eskatzen duen elkarlana" oinarri hartuta, "euskal ezkerraren hautagaitza bateratua izateko" asmoarekin sinatu dute akordioa.
Hala esan dute, gaur goizean, alderdi morearen Bilboko egoitza nagusian egin duten aurkezpenean. Pilar Garrido Podemos Euskadiren koordinatzaile nagusia, Iñigo Martinez Zaton Ezker Anitza IUren idazkari nagusia eta Juantxo Lopez de Uralde Aliantza Berdeko koordinatzaile federala agertu dira hedabideen aurrean, akordioaren xehetasunak azaltzeko. Hirurek ezkerreko gainerako euskal alderdiei koaliziora batzeko deia egin diete
Bere hitzartzean, Garridok esan du akordio hau "hasiera baino ez" dela, eta bidaide gehiago izateko lanean jarraituko dutela. "Batzeko eta Euskadin dugun espazio politikoa zabaltzeko ordua da. Ezkerreko zerrenda bateratua da horretarako bide egokiena", gehitu du.
Izenpetutako akordioan koalizioaren "oinarri politikoak" bildu dituzte, batetik, eta hauteskundeetan aurkeztuko dituzten zerrenden hurrenkerak, bestetik. Horren arabera, kasurik gehienetan, Podemos Euskadik izendatuko ditu zerrendaburuak, eta Ezker Anitza IUk, bigaren postuak.
EAEko ezkerreko gainerako alderdiekin hitz egiten ari direla gaineratu dute aurkezpenean.