Politika -

NAFARROA

Ezkabako gotorlekua memoria gune bihurtzeko konpromisoa hartu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek

Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetzako ministroak eta Maria Chivite Nafarroako presidenteak lantalde bat eratzea adostu dute. Aurrez, Espainiako Gobernuak antzinako kartzela frankista Nafarroara eskualdatzeko konpromisoa hartua zuen EH Bildurekin.

Ezkabako gotorlekua. EITB MEDIAko artxiboko bideo batetik ateratako irudia
Ezkabako gotorlekua
Ezkabako gotorlekua. EITB MEDIAko artxiboko bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako eta Espainiako gobernuek lantalde bat eratzea adostu dute Ezkabako gotorlekua memoria gune bihurtzeko.

Ezkabako gotorlekua Espainiako Defentsa Ministerioaren eskumenekoa da, eta abandonatuta dago gaur egun. 1938. urtean, 795 preso errepublikazalek ihes egin zuten bertatik, baina hiruk soilik lortu zuten helburua, Europako ihesaldirik handiena izan zen hartan.

Espainiako Gobernuak antzinako kartzela frankista Nafarroara eskualdatzeko konpromisoa hartu zuen EH Bildurekin, Aurrekontu Orokorren negoziazioen baitan. 

Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetzako ministroak eta Maria Chivite Nafarroako presidenteak bilera egin dute gaur goizean Nafarroako Jauregian. Ondorengo prentsaurrekoan ministroak azaldu duenez, diktadura garaiko errepresioaren gune "enblematikoa" da, eta memoria gune bihurtzeko bide horretan "lehen harria" jarri dutela gaineratu du.

Maria Chivitek, bere aldetik, nabarmendu du bi gobernuek lan egingo dutela gotorleku hori, bisitatzeko toki ez ezik, "erreferentziazko gune" eta eremu pedagogiko ere bihur dadin. Chivitek, gainera, Foru Gobernuak eta Espainiako Gobernuak memoria demokratikoaren alde egiten duten lana baloratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Frankismoa albisteak Memoria Historikoa