Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Artolazabal: "Litekeena da otsailaren 14an uztea sailburu kargua"
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aitortu duenez, "oso gutxi" geratzen zaio Jaurlaritzan. Lekukoa hartuko dion pertsona nor den badakiela onartu du, eta lehendakariarekin ados dagoela bera dela egokiena.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
"Oso gutxi geratzen zait", aitortu du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia, eta Gizarte Politiketako sailburuak. Jakina da Artolazabalek aurki utziko duela gobernua, udal hauteskundeetarako kanpaina prestatzeko (EAJren alkategai izango da), eta gaur data ere iradoki du: "Litekeena da otsailaren 14an uztea sailburu kargua".
Hori horrela, Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa sailburu gisa eman duen azkena izan da. Bertan onartu duenez, badaki nor den lekukoa hartuko dion pertsona, eta hura aukeratzea lehendakariaren erabakia izan bada ere, bat dator berarekin egokiena bera dela esatean.
Bestalde, iragarri du EAEn zaurgarritasun egoeran dauden 200 pertsonak jaso dutela (edo laster jasoko dute) Eusko Jaurlaritzak oinarrizko beharrizanetarako bideratuko dituen dirulaguntzak. Zehaztu duenez, 1.600 eskakizun jaso ditu Sailak, eta 700 bat aztertu. Ifrentzuan, banketxeek iaz izandako etekin handiei buruz, esan du "beharrezkoa" dela "aberastasuna birbanatzea pertsona zaurgarrienei mesede egiteko".
"Bakarrik bai da bai" legearen polemika hizpide, Artolazabalek ez du Espainiako Gobernuko bi kideen artean dauden desadostasunen inguruan hitz egin nahi izan. Horren iritzian, "beharrezkoa da autokritika egitea eta lege horrek izan dituen ondorio ezkorrak zuzentzea. Lehenbailehen egin behar da zuzenketa, hobekuntza hori".
Azkenik, Arratia futbol taldeko jokalari bati turbantearekin jokatzea debekatu zion epailearen erabakia "ez onargarria eta baztergarria" dela azpimarratu du. Artolazabalek dioenez, aniztasuna eta elkarbizitza "gure izaeraren ezaugarri" izan behar dira.