Politika -

ERREFORMA FISKALA

Zerga erreforma begi onez ikusten du Elkarrekin Podemosek, baina hauteskunde kutsua hartzen dio iragapernari

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU taldearen Eusko Legebiltzarreko eledunak esan du "kezkatzekoa" dela EAJk eta PSE-EEk zerga sistema erreformatzeko asmoa agertzea "hauteskundeak datozenean".

Miren Gorrotxategi, artxiboko irudi batean
Miren Gorrotxategi, artxiboko irudi batean
Miren Gorrotxategi, artxiboko irudi batean

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko zerga sistema erreformatzeko EAJko eta PSE-EEko zuzendaritzek hartu-emanak hastea "ondo" iruditzen zaiola esan du Elkarrekin Podemos-IU taldeak, baina iragarpena maiatzeko hauteskundeen aurretik egitea kezkagarria dela uste du. Jaurlaritzako bi bazkideek gaur kaleratu duten ohar bateratuan azaldu dutenez, "progresibitatea areagotzeko eta euskal gizarteak aurre egin beharko dien erronkei erantzuteko" moldatu nahi dute fiskalitatea.

Hedabideetara igorritako mezu batean, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU taldearen Eusko Legebiltzarreko eledunak nabarmendu du jeltzaleek eta sozialistek aurreratutakoak — progresibitatea areagotzeko asmoa agertu dute— Podemos Euskadik urtetan egindako aldarrikapena aitortzen duela, inplizituki bada ere.

"Guk 2020an erreforma fiskal oso bat aurkeztu genuen, eta ezetz esan zitzaigun. 2023ko aurrekontuen negoziazioan ere, antzeko proposamen bat egin genuen eta orduan ere ezetz esan ziguten. Legebiltzarrean askotan proposatu dugu gauza bera, galdera eta interpelazioen bidez. Beti ezetz esan digute, ez dela momentua zerga erreformak egiteko esanez. Zerk arduratzen gaitu? Momentua justu orain izateak, hauteskundeak datozenean", azaldu du Gorrotxategik.

Halaber,  kezkatuta agertu da 2018an popularrekin adostutako zerga erreformaren "balorazio positiboa" egin dutelako bai EAJk, eta baita PSE-EEk ere. Bi alderdi horien iritzian, fiskalitatea aldatzeko "abiapuntua 2013ko erreforma eta 2018ko doikuntza izango dira".

Erreformak hartuko duen neurria eta forma ikusteko dauden arren, progresibitatean sakontzea "hasteko, ona" dela azaldu du alderdi moreko kideak. "Denborak esango du zertan geratzen den", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Zerga politika