Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Garcia Gurrutxaga: "Nire asmo nagusia da Madrilen gipuzkoarren alde egitea, eta hortxe jarriko dut jarduna"

Gurrutxagak ez du Elorzaren erabakia "epaitu" nahi izan. "Ulertzen dut nekatuta egotea, baita frustrazio pixka bat sentitzea ere. Halere, sorpresa hartu dut", onartu du. 

Maria Luisa Garcia Gurrutxaga
Maria Luisa Garcia Gurrutxaga
Maria Luisa Garcia Gurrutxaga

play icon 5:33

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo -Odon Elorza PSOEko diputatuak dimisioa eman eta Kongresuan duen kargua utziko duela iragarri zuen egun berean- jakin zen Maria Luisa Garcia Gurrutxaga Gipuzkoako Aldundiko Hezkuntza, Kultura eta Euskara idazkariak hartuko duela haren lekukoa. Gaur, asteartearekin, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan izan da Donostiako zinegotzi izandakoa, ibilbide berriaren nondik norakoak argitzeko.

Albisteak ezustean harrapatu badu ere, Gurrutxagak garbi du: "Nire asmo nagusia da Madrilen gipuzkoarren alde egitea, eta hortxe jarriko dut jarduna". Erantzukizun handia dela ere aitortu du. 

"Denbora gutxi izan dut erabakia hartzeko. Onartu behar dut kosta egin zaidala. Urte asko daramazkit Hezkuntzan lanean. Dena den, konpromiso bat hartu dut, eta horri aurre egitea da orain nire lana", azaldu du.

Astearteko bilkuran izendatuko dute diputatu, eta oraindik bere eginkizunak zehaztu gabe baditu ere, bere nahia litzateke ezagutzen duen esparruren batean lan egitea; "Hezkuntzan, Kulturan, Ingurumenean edo gizarte gaietan". "Dena dago hitz egiteko, ikusi behar da ea posible den", adierazi du.

Gurrutxagak ez du Elorzaren erabakia "epaitu" nahi izan. "Ulertzen dut nekatuta egotea, baita frustrazio pixka bat sentitzea ere. Halere, sorpresa hartu dut", erantsi du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika albisteak Donostia argazkiak Gaurko albisteak Gipuzkoa PSE-EE Bizkaia Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Euskadi Irratia