Politika -
Hil-kapera
Senideek eta ordezkari politikoek agur esan diote Rodolfo Aresi, haren ekarpena azpimarratuz
Patxi Lopez hunkitu batek Aresen "funtsezko" ekarpena nabarmendu du, "gaur egun Euskadin bizi ditugun askatasunez, adiskidetasunaz eta bakeaz gozatzeko". Urkulluk ere "oroitzapen hunkitua" izan du berarekin partekatu dituen bizipenengatik.
Agentziak | EITB Media
Senideek eta lagunek, erakundeetako ordezkariekin eta ordezkari politikoekin batera, Rodolfo Ares buruzagi sozialista historikoari azken agurra eman diote gaur. Horiek guztiek egungo Euskadi eraikitzeko eta bakea lortzeko egindako ekarpena nabarmendu dute.
Gas plazako beilatokian jarritako hil-kaperara alderdi sozialistako ordezkari ugari gerturatu dira goizetik, eta azken agurra eman diote Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohi eta PSE-EEko buruzagi ohiari.
Era berean, Iñigo Urkullu lehendakaria beilatokian izan da arratsaldean, euskal sozialismoaren buruzagi ohiari "ohore egiteko", eta "oroitzapen hunkitua" izan du berarekin partekatu dituen bizipenengatik.
12:00ak baino minutu batzuk lehenago, Patxi Lopez PSOEk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea ikusi ahal izan da, hunkituta. Komunikabideei egindako adierazpenetan, Lopezek Aresen "funtsezko" ekarpena azpimarratu du, "gaur egun Euskadin bizi ditugun askatasunez, adiskidetasunaz eta bakeaz gozatzeko".
Familiari doluminak emateko beilatokira joan diren lehendabizikoen artean, Leire Pajin Osasun eta Berdintasun ministro ohi eta Garapen Jasangarrirako Espainiako Sareko egungo presidentea ere egon da, Eduardo Madina diputatu sozialista ohiarekin batera.
Alderdi sozialistako kargudun organikoekin batera, egungo sailburu sozialistak izan dira: Iñaki Arriola, Javier Hurtado eta Idoia Mendia. Bigarren lehendakariordearen ahotan, Ares Euskadiko "arkitekto modernoa" da, "gaur egun bakean gozatzen duguna".
Eneko Andueza hunkitu batek gogorarazi du Aresen "benetako obsesioa, anbizioa eta bokazioa" Euskadi "hobetzea" izan zela, eta azken agurra ematera hurbildu den "jende oso anitza, desberdina, askotarikoa" nabarmendu du.
Rodolfo Aresi omenaldia egin nahi izan dioten alderdi politikoen artean EAJ ere egon da. Hala, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak aitortu egin du buruzagi sozialista historikoak "Euskadiren alde" eta "alderdien arteko harremanak hobetzearen alde" egindako lana.
Bestalde, Carlos Iturgaiz EAEko PPko buruak euskal politikagintzan utzitako "arrastoa" azpimarratu du. "Lubaki berean egon ginen, denok batera alde berean ETAren aurkako borrokan", gaineratu du.