Politika -
Rodolfo Ares hil da
Jaurlaritzak Aresen heriotza deitoratu du: "Buruzagi nabarmena izan zen euskal politikagintzan"
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "besarkada beroa" bidali nahi izan die PSE-EEko sailburuei eta sozialisten familiari Herrizaingo sailburu zena hil berritan.
E .G. | EITB Media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeramaileak Rodolfo Ares politikari sozialistaren heriotza deitoratu du.
Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, euskal politikagintzan "buruzagi nabarmena" izan zela nabarmendu du Zupiriak, eta "besarkada beroa" bidali nahi izan die PSE-EEko sailburuei eta sozialisten familiari Herrizaingo sailburu zena hil berritan.
Zupiriaren hitzetan, Aresen heriotza "aipagarria" da giza ikuspuntutik, eta "garrantzitsua politikoki". Buruzagi sozialistaren "ibilbide politiko luzea" errepasatu du Jaurlaritzako eledunak, eta bereziki, Bilboko Udalean egindako lana (zinegotzi izan zen) aipatu du, hiribilduaren transformazio urbanistikoan, Ibon Areso zinegotzi jeltzalearekin batera, izandako "protagonismoa" goraipatuta.