Politika -
UKRAINAKO GERRA
Espainiak bat egin du Ukrainara tankeak bidaltzeko Europako planarekin
Margarita Robles Defentsa ministroak baieztatu du albistea. Dena dela, ez dute zehaztu zenbat gerra tanke bidaliko dituen. Atzo, Ukrainara Leopard eta Abrams tankeak bidaltzea adostu ostean hartu du erabakia Espainiak.
EITB MEDIA
Atzo Alemaniak eta AEBk Ukrainara Leopard eta Abrams tankeak bidaltzea adostu ostean, asteazken honetan jakin da Espainiak bat egingo duela Ukrainara borroka-orgak bidaltzeko Europako planarekin. Margarita Robles Defentsa ministroak asteazken honetan adierazi duenez, Espainia prest dago aliatuekin koordinatzeko, beharrezkoa den guztian. Zenbat tanke bidaliko lituzketen, baina, ez du zehaztu.
Gaur goizean, Europa Presseko Gosari Informatiboetako batean, Felix Bolaños Presidentzia ministroak aurreratu du Roblesek ondoren baieztatu duena: "Espainiak nazioarteko konpromisoak ditu", adierazi du ministroak, eta gaineratu du ulergaitza litzatekeela Espainia beste leku batean egotea.
Presidentzia ministroaren arabera, Espainiak Europar Batasuneko eta NATOko kideen eskutik hartuko ditu erabakiak, Ukrainako ekintza "partekatua" delako eta erabakiak testuinguru horretan hartuko direlako. Are gehiago, "batasunerako" deia egin die herrialde guztiei.
Bestalde, Alemaniako Gobernuak gaur baieztatu du 14 Leopard 2A6 bidaliko dituela Alemaniako Indar Armatuen armategira Ukrainak errusiarren aurrean duten ahalmena indartzeko. Steffen Hebestreit Olaf Scholzen Gobernuko bozeramaileak egin du iragarpena, atzoko AEBrekin lortutako adostasunaren ondotik.
Erabakia ez da Kongresutik igaroko
Tankeak bidaltzeko proposamena Kongresutik pasatzeko ERCko bozeramailearen eskaerari dagokionez, Bolañosek iritzi guztiak "legitimoak" direla onartu arren, eskaera horrekin bat ez datorrela eta Espainiak "nazioarteko konpromisoak" dituela gogorarazi du.
Aitor Esteban EAJren bozeramailea bat dator Alemaniaren erabakiarekin; izan ere, Errusiaren inbasiotik EBk herrialde horrekiko "konpromisoa" adierazi badu, orain ezin ditu gauzak "erdizka" egin.
Hala ere, Espainiak Alemaniaren adibideari jarraitzeko aukeraren inguruan ez du adierazpenik egin, baina argi utzi du Berlinen erabakiarekin bat datorrela. Haren ustez, "zentzu osoa" du, eta bat dator Ukrainako gatazkari buruz Europako goi-bileretan onartu diren adierazpenekin.
Aitzitik, Mertxe Aizpurua EH Bilduk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak errefusatu egin du Alemaniaren erabakia, eta, "bide diplomatikoaren" aldeko apustua berretsi ondoren, ziurtatu du "komenigarriena eta demokratikoa" litzatekeela balizko erabaki hori Kongresuan eztabaidatzea eta bozkatzea, Espainiako Gobernuak hala planteatuko balu.
Aizpuruak azpimarratu duenez, "gatazkarako konponbideak, eta batez ere Ukrainako herritarren ongizatean pentsatuz, elkarrizketa eta bide diplomatikoak erabili behar dira". Koalizio abertzaleko bozeramailearen ustez, "gerra bideak indarra kentzen dio bide diplomatikoari" eta gatazka luzatzen laguntzen du.
Ione Belarra Podemoseko buruzagi eta Eskubide Sozialen ministroak errefusatu egin du Espainiak Ukrainara tankeak bidaltzeko aukera, "gerra eskalatzen" soilik lagunduko duela eta Errusiaren aldetik "ustekabeko erantzun arriskutsua" izan dezakeela iragarrita, potentzia nuklearra den aldetik.
Elias Bendodo PPko koordinatzaile nagusiak Espainiako tankeak bidaltzeko aukeraren harira esan du bere alderdiak "Europar Batasuneko gainerako herrialdeekiko koordinazioa eta mezu-batasuna" babesten du.
Dena dela, eta letra txikia ezagutu bitartean, erabakia babestea ekidin du. Hori bai, "batasuna oso garrantzitsua" dela azpimarratu du buruzagi popularrak.